Gizartea -
Miren Peñaren heriotza
Miren Peñaren etxegabetze-prozesua hasi izana ukatu du Laboral Kutxak
Laboral Kutxak Miren Peñaren heriotza deitoratu du eta bere "doluminik sentikorrena" helarazi die haren senideei eta lagunei.
Erredakzioa
Laboral Kutxak ukatu egin du Miren Peña etxegabetzeko prozesua hasi izana, eta ordainketetan inolako atzerapenik edo zorrik ez zuela azpimarratu dute.
Miren Peñak bere buruaz beste egin zuen larunbatean, bere etxearen hipoteka berriro negoziatu ezin zezakeela ohartarazten zion gutun bat jaso ostean, Antsoaingo Hipotekak Kaltetutako Plataformak adierazi duenez.
Laboral Kutxak Miren Peñaren heriotza deitoratu du eta bere "doluminik sentikorrena" helarazi die haren senideei eta lagunei.
Ohar baten bidez, entitateak nabarmendu du ez duela etxegabetzeko prozesurik hasi eta, ondorioz, komunikabideetan zabaldutako "albistea faltsua" dela esan du. "Ez zegoen kaleratzeko tramiterik abian; areago, bezeroak ez zuen inolako kuotarik ordaintzeko, hau da, mailegua egunean zeukan".
"Entitateak egindako jarduketa bakarra bezeroaren eskaera bati erantzutea izan da. Hain zuzen ere, bezeroak zorra berregituratzeko prozedurari ekiteko eskatu zigun, hipoteka-zordunak babesteko neurriak jasotzen dituen 01/2013 Legearen araberako ‘Jardunbide egokien kodea’ aplikatuz", azaldu du Laboral Kutxak.
Entitateak eskari horri idatziz erantzun zion, "eragiketa horrek baldintzak betetzen ez zituela esanez". Beraz, "bezeroari emandako erantzuna ez zen entitatearen azken erabakia, baizik eta legeak horrelako egoerak ez zituela aintzat hartzen jakinarazteko komunikazioa", erantsi dute.
Amaitzeko, Laboral Kutxa prest agertu zen bi aldeen arteko "bitartekaritza" egiteko, "konponbidea bilatu asmoz", eta, ildo horretan, entitatearekin harremanetan jartzeko proposamena luzatu zioten bezeroari.