Gizartea -

Eguneko lerroburuak

Martxoaren 27ko albisteak

Egunari ekin aurretik ezagutu beharreko bost albisteak.

E. GARAIKOETXEA | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zergatik amildu zuen hegazkina Lubitzek?

Zergatik? Zerk bultzatu zuen Andreas Lubitz 27 urteko pilotu alemaniarra gidatzen zuen A-230 hegazkina Alpeetan amiltzera? Alemaniako Polizia galdera horri erantzuten saiatuko da datozen ordu eta egunetan. Gazteak Dusseldorfen zuen pisuan eta gurasoen etxean jasotako dokumentazio eta material informatikoa aztertzen ari dira orain.

Alemaniako hainbat hedabideren arabera, Lufthansak baieztatu du Lubitzek Bremengo Pilotuen Eskolan prestakuntza sei hilabetez eten zuela, baina ez du argitu zer dela eta egin zuen. Depresioa aipatu dute Alemaniako egunkariek, baina konpainiak ez du halakorik berretsi.

EH Bildu ezingo da osoko bilkuran egon, bigarren egunez

Eusko Legebiltzarrean gaur egitekoa den kontrolerako saioan ez da EH Bilduko legebiltzarkiderik izango, Ganberako Mahaiak propio erabaki baitu bi egunez sarrera debekatzea. Pastor operazioa salatzeko kartelak atera zituzten atzoko bilkuran koalizio abertzaleko kideek, eta Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidenteak kanporatu egin zituen, ganbera ezin dela "zirkua" bilakatu argudiatuta. Bilkuretan parte hartzeko debekua bi egunekoa izango da; PPk, ordea, 15 egunekoa izatea eskatu du. Bestalde, presoen eta euren senideen eskubideak aldarrikatzeko manifestazioa deitu du Etxeratek larunbaterako Donostian.

Cabacasen familia hartuko du Aresok

Ibon Areso Bilboko alkateak Iñigo Cabacas Ertzaintzaren pilotakada baten ondorioz hildako gaztearen senitarteko eta lagunak hartuko ditu gaur, haren heriotzaren hirugarren urtemugaren ataritan. Horrez gain, Iñigo Gogoan plataformako kideek Cabacas eta Aitor Zabaleta Madrilen eraildako Realaren zalea apirilaren 29an San Mamesen talde txuri-urdinaren kontra jokatu beharreko derbian omentzeko eskatu diote Athletici. Horrez gain, auzian justizia eskatzeko elkarretaratzea deitu dute: apirilaren 11n, 18:00etan, Bilboko Maria Diaz de Haro kalean izango da hitzordua. Atzo Jone Goirizelaia familiaren abokatuak iragarri zuenez, Cabacas hil zuen pilotakadaren egileetako bat identifikatu dute azkenean.

Iñigo Cabacas elkarretaratzea epaiketa. EFE

Indarkeria politikoaren biktimen legea onartu dute Nafarroan

1950az geroztik poliziek eta eskuin muturreko taldeek eragindako indarkeria politikoaren foru legea onartu zuen atzo Nafarroako Parlamentuak. Urte horretan hasi zen Frankismoa langileen protestak jazartzen, eta legearen lehen aro bat osatzen du demokrazia iritsi bitartean; izan ere, 1978tik aurrera lege horrek jasotzen dituen indarkeria gertakariak "puntualak" izan dira, bozeramaile batzuek zehaztu dutenez. Izquierda-Ezkerrak bultzatu eta PSN, Bildu, Aralar-NaBai eta Geroa Bairen aldeko botoa jaso du, eta UPNk eta PPk kontra bozkatu dute. Legeak erakundeen omenaldia aurreikusten du, terrorismoaren biktimen legeak ezartzen dituen termino bertsuetan. Hezkuntza eremuan, ikastaroak, mintegiak edo kongresuak egitea ere jasotzen ditu legeak.

MAM-eko argazkia: barcina-osasuna_

Korrika, Bilborantz

Euskararen alde inoiz baino korrikalari gehiago erakarri ditu Korrikaren 19k, Asier Amondo AEK-ko lasterketaren arduradunaren hitzetan. Eguraldia lagun izan ez duen arren, inoizko babesik handiena izan du Korrikak. Bilbon igandean egitekoa den amaiera jaia ere tamainakoa izango dela uste dute lasterketaren arduradunek. 12:30ean sartuko da San Nikolas plazan euskararen aldeko martxa. Aurretik, bost ordu pasatxo egingo ditu Bizkaiko hiriburuan (07:15ean sartuko da hiribilduan, Enekuritik). Eguerditik aurrera, jaia lehertuko da Bilbon, hiru gunetan banatuta: besteak beste, kaleko animazioa, txosnak, eta Betagarriren, Anje Duhalderen eta Ze Esatek taldearen kontzertuak egongo dira. eitb.eus-ek zuzenean jarraituko ditu euskararen aldeko lasterketaren azken kilometroak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eguneko albisteak