Gizartea -

Genero indarkeria

Erakundeek eta alderdi politikoek Gasteizko hilketa gaitzetsi dute

Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak, EH Bilduk, PSE-EEk eta Ahal Duguk oharra bidali dute hedabideetara.

Argazkia: EFE
Argazkia: EFE
Argazkia: EFE

O.A. | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Erakundeek eta alderdi politikoek gogor gaitzetsi dute ostegun honetan Gasteizen gertaturiko hilketa. 34 urteko gizonezkoak haren bikotekidea hil zuen labankadaz. Biktima 29 urteko emakumezkoa zen. Hilketaren harira, oharra kaleratu dute Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak, EH Bilduk, PSE-EEk eta Podemos-Ahal Duguk.

Arabako Foru Aldundiak adierazi du emakumeen kontrako indarkeria matxista biktimen eskubide oinarrizkoen kontrako eraso larria dela. Halaber, gisa horretako erasoak berriz ere errepika ez daitezen neurriak hartzeko beharra azpimarratu du.

Gasteizko Udalak ere indarkeria matxista desagerrarazteko neurri eraginkorrak hartzearen beharra nabarmendu du.

Alderdi politikoek ere hilketa gaitzetsi dute hedabideetara bidalitako oharren bitartez.

EH Bilduk "indarkeria matxistaren normalizazio zitala" salatu du. Ohar batean, koalizio abertzaleak nabarmendu du indarkeria matxistak hil egiten duela eta gogoratu du ez dela azken egunotan jazotako eraso matxista bakarra izan; izan ere, "igandean emakume bat bortxatu zuten Bilbon eta beste gazte batek eraso bat salatu zuen larunbatean Durangon".

"Indarkeria eta eraso matxistak ezin dira modu isolatuan eta salbuespen gisa ulertu. Emakumeen kontrako indarkeria egiturazkoa da eta sistema patriarkalak funtzionatzeko beharrezkoa da. Boterearen ordena galtzen den heinean, zenbait gizonezkok indarkeriaz erantzuten diote galera horri", baieztatu du.

Oraindik ere emakumeen kontra gauzatutako indarkeria motak anitzak direla azpimarratu ostean, Emakumeen Munduko Martxak gaurko Euskal Herriko herri eta auzoetan deituriko mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du.

Arabako PSE-EEk hilketa gaitzetsi du eta emakumeen babeserako neurrietan murrizketarik ez egiteko eta genero indarkeria desagerrarazteko baliabide gehiago jartzeko eskatu du.

Ohar batean, Arabako PSE-EEko Berdintasun Idazkaritzak hildako kopurua handituz doala deitoratu du eta salatu du "gizarte gaitz" horren aurrean PPren Gobernua geldirik dagoela.

Hori dela eta, arazo horrekin lehenbailehen amaitzeko beharrezko baliabideak jartzeko eskatu die botere publiko guztiei. Azkenik, Mugimendu Feministak eta Udalak deituriko kontzentrazioetan parte-hartzeko deia egin du. Gasteizko Udalak astearte eguerdirako elkarretaratzea deitu du Espainia plazan.

Bestalde, Gasteizko Ahal Duguk hilketa gaitzetsi du hedabideetara bidalitako ohar batean. "Genero indarkeria arazo larria da, ez emakumeentzat soilik, gizarte osoarentzat baizik. Hori dela eta, guztiok batera egin behar diogu arazo horri. Guztion arazoa da", adierazi du.

"Genero indarkeria saihestezina dela onartzeari uko egiten diogu eta azpimarratu nahi dugu giza eskubideekiko errespetua ezinbesteko baldintza dela gure hiriaren garapenerako", gaineratu du.

Azkenik, Gasteizko plataforma feministak larunbat iluntzerako (20:00etan) manifestazioa deitu du Gasteizen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala berriak Indarkeria matxista Araba EAE EH Bildu Bizkaia PSE-EE Gasteiz Eguneko albisteak Delituak bideoak Gizartea Gaurko titularrak Matxismoa Erailketak albisteak Arabako Foru Aldundia