Gizartea -
Eguneko lerroburuak
Apirilaren 15eko albisteak
Asteazken honi ekin baino lehen ezagutu beharreko albisteak.
E.GARAIKOETXEA | EITB.EUS
Abortuaren legearen erreforma berria
Aurrerantzean, haurdunaldia eten nahi duten adingabeek gurasoen baimena beharko dute. Alderdi Popularrak Kongresuan duen gehiengoa baliatu zuen legearen erreforma aurrera ateratzeko. Alderdi Popularreko 184 boto, Unioren 5 eta UPN eta Foro Asturias taldeen aldeko boto bana jaso zituen erreformak. Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak ere alde bozkatu zuen, erratuta. Sanchezen hanka sartzearekin batera, PPren boto diziplina hautsi zuten bost diputatuak izan ziren albiste: Eva Duran diputatua kontra agertu zen eta beste lauk ez zuten bozketan parte hartu, erreforma epelegia dela iritzita. Rafa Larreina (Amaiur) ere ez zen ganberan izan, bilera bat zuelako, bertsio ofizialaren arabera. Oposizioak, dena dela, Alderdi Popularren proposamenaren kontra egin zuen, ia osotasunean.
Rodrigo Rato eta amnistia fiskala
Alderdi Popularraren gobernuak bultzatutako amnistia fiskalaz baliatu zen Rodrigo Rato. Paradisu fiskaletan zuen dirutza legeztatu zuela jakiteaz gain, dirua zuritzeagatik ikertzen ari diren 700 lagunetako bat dela zabaldu da orain. Nazioarteko Diru Funtseko zuzendari ohiak berak onartu du amnistia fiskal horri heldu ziola, baina ez du bestelako azalpenik eman.
Dena dela, bere jardunari eusten dio Ratok, eta Suitzara hainbat bidaia egin ditu azkenaldian. Apirilaren 10ean egin zuen azkena, eta, hegazkinean, hainbat bidaiari oihuka hasi zitzaizkion.
Tragedia Lampedusan
Europara, bizimodu hobe baten bila, Afrikatik datozen etorkinen uholdeak hildako kopuru beldurgarriak utzi ditu Mediterraneoan; azkenak, bart. Save The Children gobernuz kanpoko erakundeak jakinarazi duenez, 400 lagun hil dira Italiara heltzeko asmoa zuen ontzi batek hondoa jo eta gero. Tragediatik onik atera diren ehunka lagunek kontatu dute gertatutakoa. Bertsio ofizialak, baina, guztiak desagertuta daudela adierazi du, tartean, "gazte asko, adingabeak ziurrena".
Kuba eta AEB: gertuago
Barack Obama AEBko presidenteak bart iragarri du Kuba "terrorismoa babesten duten herrialdeen zerrendatik" ateratzeko erabakia. Kongresuak berretsi beharko du erabaki hori, baina ez da oztopo aipagarririk jartzea aurreikusten. Kuba 1982tik dago zerrenda horretan, eta Washingtonek zigorrak ezarri dizkio ordutik.
Ibarretxe, Legebiltzarrean berriro
Eusko Legebiltzarrean izango da gaurko hitzordu politikoa. Juan Jose Ibarretxe lehendakaria Autogobernuaren Lantaldean izango da gaur (12:00). Txostena egitetik gertu dago lantaldea, eta honakoak azken saioak dira.
Kongresuak erabakitzeko eskubidea defendatzen zuen 'Euskadiko Erkidegoaren Estatutu Politikoaren Proposamena' ( 'Ibarretxe Plana' bezala ezagutu zena) baztertu zuenetik 10 urte igaro dira.
Eusko Legebiltzarraren Autogobernuaren Lantaldea 2014ko martxoan jarri zen martxan, EAJren eta PSEren aldeko botoekin, baina gainerako alderdien kontrako jarrerarekin.