Gizartea -
Elebide
Kexek % 15 gora egin dute hizkuntza eskubideen urraketengatik
Gorakada gaiaren inguruko “kontzientzia” handiago baten ondorioa dela uste du Eusko Jaurlaritzak. Kexen ia % 100 euskararen erabilera ez bermatzeagatik dira.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak martxan jarritako Elebide hizkuntza eskubideak bermatzeko zerbitzuan intzidentzien kopurua goraka doa urtetik urtera, etenik gabe, eta horrela, 2013an baino 53 kexa gehiago izan ziren iaz (%14,76 gehiago).
Elebideren sorreratik hona, ia bikoiztu egin da intzidentzien kopurua. Gorakada gaiaren inguruko “kontzientzia” handiago baten ondorioa dela uste du Jaurlaritzak. 412 intzidentzia jaso zituen guztira 2014an, eta horietatik % 88, kexak izan ziren, hau da, 346 kexa jaso zituen iaz.
Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta Joseba Lozano Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendariak Elebideren 2014ko memoria aurkeztu dute asteazken honetan Eusko Legebiltzarreko Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Batzordean. Agerraldia sailak berak eskatuta antolatu da.
Intzidentziak jasotzeko bideari dagokionez, bide telematikoa (posta elektronikoa eta Elebideren webgunea) izan zen herritar gehienek erabilitako bidea intzidentzien berri emateko (% 95).
412 intzidentzia
Gainera, esan bezala, 2014an Elebiden izapidetu diren 412 intzidentzietatik % 88 kexak izan ziren (guztira, 346), % 5 kontsultak, % 4 iradokizunak eta % 3 eskariak. Administrazioarekin ahoz zein idatziz aukeratu den hizkuntzan harremanak gauzatu ezina eta errotulazioan antzeman diren hutsuneak izan ziren kexak sorrarazi zituzten arrazoi nagusiak.
Halaber, izapidetu ziren 346 kexetatik 342 kasutan (% 99), euskararen erabilera ezagatik gertatu zen eskubide urraketa, eta beste lau kasuetan (% 1), gaztelaniaren erabilerarik ezak eragin du urraketa.
Patxi Baztarrikak datuen aurkezpena eta balorazioa egin du Eusko Legebiltzarrean. "Eskubideez eta askatasunaz ari garenean, ez da nahikoa legezko aitormen hutsa, ezta gutxiago ere. Aitzitik, beste urrats bat eman behar dugu, eskubide horiek, aitortuak izateaz gain, praktikan bermatu daitezen", azaldu du.