Itxi

Politika

Eusko Legebiltzarra

Enpresak euskaraz aritzera behartzea baztertu du Legebiltzarrak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

EH Bilduk izan ezik, Eusko Legebiltzarreko gainerako alderdiek koalizioak aurkeztutako lege proposamenaren kontra bozkatu dute.

  • Eusko Legebiltzarra. Artxiboko irudia: EFE

    Eusko Legebiltzarra. Artxiboko irudia: EFE

Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi guztiek, EH Bilduk izan ezik, Euskal Autonomia Erkidegoan lan egiten duten enpresak euskaraz aritzera behartzeko lege proposamenaren kontra bozkatu dute. EAEn diharduten enpresei bezeroei zerbitzua euskaraz eskaintzera eta errotulu eta seinaleak euskaraz jartzera behartzea proposatzen zuen koalizioak egindako proposamenak. Lege proposamenaren xedea enpresa guztiak ziren, baina isunak sektore jakinetako enpresa handiei jartzea iradokitzen zuen.

Gobernu Kontseiluak ekimen horren kontrako iritzia agertu zuen apirilaren 14an, isunak jartzea hizkuntza sustatzeko eta kontsumitzaileen hizkuntza eskubideak bultzatzeko sistema egokia ez zela argudiatuta.

Legebiltzarreko eztabaidan Xabier Isasi EH Bilduko legebiltzarkidearen hitzetan, "eskubide guztiak, hizkuntzari loturikoak bereziki, ezin dira burutu obligazioarik ez badago". Ildo horretan nabarmendu du euskararen erabilerari buruzko datuak ez direla hobetu azken urteotan eta, horregatik, beharrezkoa dela zerbait egitea". "Legegintzaldia hasi zenetik adostasuna lortzen saiatu gara eta ahaleginetan jarraituko dugu. Gure ustez hobe da arautzea erabakia bakoitzaren esku uztea baino, izan ere, horrek hizkuntza galtzea ekar lezake", ohartarazi du.

Garbiñe Mendizabal EAJko legebiltzarkideak azpimarratu du dagoeneko badagoela kontsumitzaileen eskubideak defendatzen dituen araudia -Kontsumitzaileen eta Erabiltzailee Estatutua deiturikoa- eta, beraz, ez du uste lege proposamena beharrezkoa denik. "Tresna eraginkorrak ditugu", gaineratu du. Aipaturiko araudia osotasunean betetzeko lan asko dagoela egiteke aitortu du, baina ez du uste araudi bat beharrezkoa denik "ezarritako helburuak erdiestea ahalbidetuko duten politikak baizik".

Isunek euskarari "kalte" egiten diotela uste du Vicente Reyes PSE-EEko legebiltzarkideak eta adierazi du Patxi Lopez agintean zegoenean hizkuntzarekin lotutako isunak kendu zituztela. Halaber, gai horri lotuta egindako arauak adostasunez egin behar direla nabarmendu du.

Iñaki Oyarzabal legebiltzarkide popularra ere EH Bilduren proposamenaren kontra agertu da "inposaketa" bat delako eta "isunen bitartez, herritarrei eremu pribatuan obligazioak jarri nahi dizkielako".

Azkenik, Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkidearen esanetan, EH Bilduren planteamendua "Estatuaren injerentzia bat da". "Neurri hertsatzaileak erabilita euskara inposatzea zentzugabekeria bat da", gaineratu du.

AHTa ahalik eta denbora laburrenean egitea babestu du Legebiltzarrak

Abiadura Handiko Trena ahalik eta denbora laburrenean egitea babestu du gaur Eusko Legebiltzarrak. Gainera, Espainiako Gobernuari eskatu dio ahalik eta azkarren esleitu ditzala diru-laguntzak lanak lehenbailehen egiteko.

EH Bilduk mozio bat aurkeztu du Abiadura Handiko Trenaren lanak behin-behinean gelditzea eskatzeko, harik eta aditu talde batek kostuak eta onurak aztertu arte. Horren aurrean, zuzenketa bat adostu dute EAJk, PSE-EEk eta PPk.

Azkenean adostutako testuan -UPyDk babes partziala eman dio- Abiadura Handiko Trena babestu dute.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena