Gizartea -
Nafarroan
Espetxera, kamioilaria hiltzea egotzita atxilotutako ertzaina
Agenteari gizahilketa azpikeriaz egitea leporatu diote, epailearen aurrean deklaratu eta gero. Bestalde, hildako kamioilariaren aldeko hileta-elizkizuna arratsaldean egin dute Motrilen.
Agentziak
Behin behinean espetxeratzeko agindua eman du epaileak aurreko ostegunean kamioilari bat tiroz hiltzea leporatuta atxilotu zuten ertzaina, gaur goizean deklaratu eta gero, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak jakinarazi duenez.
Ezbeharra 12:30ean jazo zen Leitzarango Autobidean, Donostiarako noranzkoan, Ertzaintzaren agenteak, antza denez bere arma batekin, kamioilariaren kontra tiro egin zuenean, buruan ere zaurituta. Kamioi gidariak Jesus Madrigal Burgos zuen izena (39 urte), eta Motrileko (Granada) bizilaguna zen.
Agentea (50 urte) Tiebasen (Nafarroa) bizi da eta "bigarren jarduera egoeran" zegoen Ertzaintzan; alegia, zerbitzua murriztua zuen gaixotasun fisiko batengatik eta, une horretan, Tolosara (Gipuzkoa) zihoan.
Epaileak autoan azaltzen duenez, badaude zantzuak ondorioztatzeko akusatuak biktimaren kontra tiro egin zuela, 9 milimetroko kalibreko arma batekin, eta kamioilariak ez zuela armarik.
Akusatuak, beti ere epailaren arabera, biktimaren burua apuntatu eta balak aurpegiko eskuinaldean jo zuen, beheko masailezurraren kontra, eta garondotik atera zen; hori dela eta, heriotza eragin zion eta, epailaren arabera, hilketa delitua da, azpikeriaz egin izanaren larrigarriarekin.
"Argi dago gertatutakoaren egilea dela eta atxilotuak berak onartu egin du", gaineratu du epaileak. Halere, tiroa "ez zuen nahita egin, nahigabe tiro egin zuen armak", esan du agenteak.
Poliziak, lanean, tiroketa gertatu zen lekuan. Irudia: EFE
Aldiz, epailaren ustean, ertzainaren bertsioa "ez da sinesgarria, logikaren ikuspuntutik eta esperientziaren arabera". Gainera, gertatutakoa ikusi zuten zenbait lekukoek, edo gertatu eta segundo batzuetara bertan izan zirenek, ukatu egin dute.
Lekuko horiek guztiek -dio epaileak- Poliziari esan ziotenez, atxilotua "etsita baina lasai, inolaz ere urduri" ikusi zuten eta tiroketa "hildakoari hitzik esan gabe" gertatu zen.
Gainera, epailaren esanetan, agenteak onartu egin du autotik atera zenean arma eskuan zeramala eta kamioilaria hurbildu zitzaionean, gertu zeudenean, pistola altxatu, bi eskuekin heldu, biktimaren burua apuntatu eta tiro egin zuela.
"Pistola bat soinean eramate hutsa, bala errekamaran izanda, trafiko eztabaida soil bategatik atera eta armarik gabeko pertsona baten burua apuntatzeak erabat baztertzen du zuhurtziagabekeriaz jardun izana", ebatzi du epaileak.
Gainera, epailearen idazkiaren arabera, "erabat beharrezkoa da" espetxeratzeko neurria hartzea, gertakariak "oso larriak" direlako, 15-20 urteko espetxealdia ekar baitezakete.
Biktimaren hileta, Motrilen
Jesus Madrigal Burgos kamioilariaren aldeko hileta elizkizuna igande arratsaldean egin dute Motrilgo Divina Pastora elizan, bertako bizilaguna baitzen.
Hildakoaren inguruko iturrien arabera, atzo 19:00ak aldera heldu zen kamioilariaren gorpua (Comotrans enpresako langilea) Motrilgo beilatokira, autopsia egin eta gero.