Gizartea -
Emakumeenganako Indarkeria
Gizon bat atxilotu dute Sestaon, bikotekidea jotzeagatik
Sabelaldean eta aurpegian hainbat kolpe eman zizkion emakumeari gizonak, kalean. Ondorioz, biktima ospitalean artatu behar izan zuten.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
34 urteko gizonezko bat atxilotu zuen Ertzaintzak, atzo iluntzean, Sestaon (Bizkaia), bikotekidea jipoitzeagatik, eta ondoren, ibilgailuarekin ertzain bat harrapatzen saiatzeagatik.
Atzo, 22:30 inguruan, gertatu zen erasoa, Sestaoko Galindo kalean. Sabelaldean eta aurpegian hainbat kolpe eman zizkion gizon batek emakume bati. Zerbitzutik kanpo zegoen ertzain batek bere etxeko leihotik ikusi zuen erasoa, eta erasotzaileari kargu hartu zion.
Ertzaina kalera jaitsi zen, gizonezkoaren bila. Ordurako, emakumearen erasotzailea furgoneta bat gidatzen ari zen, eta agentea harrapatzen saiatu zen.
Sestaoko polizia-etxeko hainbat agente bertaratu ziren, eta 34 urteko gizona atxilotu zuten. Jipoia jaso zuen emakumea ospitalera eraman zuten, zauriak sendatzera.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, atxilotutako gizonezkoak aurrekariak ditu, hainbat deliturengatik. Polizia-etxean dago, eta ondorengo orduotan eramango dute epailearen aurrera.
------------------------------------------------------------
Tratu txarrak jasan badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, jarrai itzazu gida honetako gomendioak edo deitu 016 telefonora (doan da eta ez du telefono fakturan arrastorik uzten).