Gizartea -

Osasuna

Datorren astetik aurrera ordainduko dituzte koordainketarako laguntzak

Eusko Jaurlaritzak 2,2 milioi euro bideratuko ditu botiken koordainketak herritarrei eragindako kalteak konpentsatzeko.

Artxiboko irudia: EFE
Artxiboko irudia: EFE
Artxiboko irudia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila datorren astean hasiko da botiken koordainketari aurre egiteko 2015ari dagozkion lehen diru-laguntzak ematen. Guztira, 81.946 eskari jaso dituzte Osasun Sailean eta Eusko Jaurlaritzak 2,2 milioi euro bideratuko ditu botiken koordainketak herritarrei eragindako kalteak konpentsatzeko.

Jaurlaritzak ohar bidez jakinarazi duenez, batez beste 500 eskari jaso dituzte egunean diru-laguntzak eskatzeko epea irekita egon den bitartean, hau da, 2015eko otsailaren 2tik ekainaren 10era.

Eskarien izaerari erreparatuz gero, 81.183 eredu sinplifikatuaren bitartez egindakoak dira eta gainerakoak, ostera, ohiko bideak erabilita. Lurraldez-lurralde, Bizkaian egin dira eskari gehien (47.637), Gipuzkoaren (22.518) eta Arabaren (11.791) aurretik.

Datorren astetik Jaurlaritza ordaintzen hasiko den diru-laguntza 2014ko abenduaren 1etik 2015eko maiatzaren 30era bitartean onuradunek botiketan ordaindutakoa konpentsatzeko izango da.

Batez beste, 30,7 euroko diru-laguntza jasoko dute eskatzaileek; gutxienez, 0,09 euro eta gehienez, berriz, 401,01 euro.

Botiken koordainketarako 2015eko diru-laguntzen lehen aldi honetako onuradunen % 93,75 pentsiodunak dira eta % 6,25, ostera, langabetuak eta langabezia saririk edota diru sarrerak bermatzeko errentarik jasotzen ez dutenak.

Botiken koordainketari aurre egiteko diru-laguntzak eskatzeko bigarren epea irekita dago 2015eko abenduaren 10era bitartean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza berriak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gizartea Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Dirulaguntzak gaur