Gizartea -
Zirkulazio-istripuak
Familiako bat errepidean hiltzen bada, zerbitzu honek lagunduko dizu
Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak arreta espezifikoa eskaintzen die zirkulazio-istripuek Euskadin eragindako biktimei. Estatu-mailan, aitzindaria da zerbitzu hori.
Jesús Elordui | EITB.EUS
Bilboko Abusu auzoan zirkulazio-istripu larria jazo zen abuztuaren 8an. Horren ondorioz, 34 urteko emakume bat hil zen, BI-3723 istripuan, biribilgune batetik gertu; biktimarekin talka egin zuen ibilgailuaren gidariak ihes egin zuen, emakumea oraindik bizirik zegoela.
Bilboko Udaltzaingoak laguntza eskatu du, gertatutakoaren xehetasunak argitu ahal izateko, eta telefono bat jarri du herritarren esku (94 420 50 40 zenbakia), arrastoren bat duenak horren berri eman ahal izan dezan.
Abusuko istripuan hildakoak bi seme-alaba zituen, adin txikikoak; horrelako ezbehar bat gertatzen denean, familiako bat zirkulazio-istripu batean hil edo zauritzen denean, zer egin dezakete biktimek? Nora jo dezakete, zein urrats eman behar dituzte? Rosa Maria Trinidad Stop Accidentes kolektiboko Euskadirako ordezkari eta arduradun eta Estatu mailako presidenteordeak eitb.eus-i esan dionez, Eusko Jaurlaritzak zirkulazio-istripuek kaltetuentzako zerbitzu espezifikoa du, Justizia Sailaren barnean, orain dela bi urtetik.
Balio handiko laguntza juridiko eta psikologikoa ematen dute zerbitzu horretan, Trinidadek azaldu bezala (kontsulta ezazu Stop Accidentesek eitb.eus-en duen zirkulazioaren gaineko bloga): "Euskal Autonomia Erkidegoa aitzindaria da bide-indarkeriak eragindako biktimei ematen zaien arretari dagokionez".
Gai juridikoen gaineko informazioa eta arreta psikologikoa iraunkorra
Rosa Maria Trinidaden iritziz behar bezain ezaguna ez den zerbitzu honek gai juridikoen gaineko informazioa ematen die hasieran biktimei. Hasierako une horiek "oso garrantzitsuak" dira, Stop Accidenteseko kidearen esanetan; izan ere, batzuetan, kaltetuek ate batzuk ixten dizkie euren buruari, istripua berriki izan dutenean, ez dakitelako zer egin behar duten.
Halaber, Justizia Sailak psikologoen taldea ere du, biktimei "arreta psikologikoa iraunkorragoa" emateko xede izanik. "Lehen, laguntza hori guk eskaintzen genuen, Stop Accidentesetik", zehazten du Rosa Maria Trinidadek, "baina oso zaila zen Euskadi osora heltzea; gure bulegoa Durangon dago, eta Gipuzkoako edo Arabako biktimei laguntzea ez zen erraza".
Egun, aldiz, Biktimentzako Arreta Zerbitzuak EAEko hiru hiriburuetan ditu bulegoak: Bilbon (900 400 028 zenbakia), Donostian (900 100 928) eta Gasteizen (900 180 414), Euskadiko lurralde osoaz arduratzeko.
Estatu mailan, Euskadi aitzindaria da mota honetako zerbitzua ematean. Trinidadek dioenez, bide-indarkeriaren Kataluniako biktimek kontsultarako telefonoa dute, baina ez dute bulegorik.
Stop Accidentesek Justizia Sailarekin batera lan egiten du, bizipenak partekatzeko: "Garrantzia duena enpatia da, besteei entzuteko gogoa eta ahalmena izatea".
Zigor-kodearen erreforma, "atzerakada"
Stop Accidentesen Euskadirako ordezkaria, aldiz, kritiko azaldu da uztailaren 1ean indarrean sartu zen Zigor-kodearen erreformaz hitz egitean (hemen azaltzen dutenez, aldaketak dakartza zirkulazio-delituentzako).
Rosa Maria Trinidaderen iritziz, erreforma hori "atzerakada" da: "Ez gaude batere pozik eta horrela esan diogu Justizia Ministerioari, baina, oraingoz, hitz politak baino ez ditugu jaso", amaitzen du.