Gizartea -
Lau organizazioko kideak
Hainbat atxilotu Bizkaian eta Nafarroan droga trafikoarekin lotuta
Besteak beste, bost kilo speed, 2,5 kilo marihuana, kokaina, haxixa, kristal eta heroina atzeman diete, baita pistolak, errifleak eta arma zuriak ere.
Agentziak | Erredakzioa
Guardia Zibilak Hegoaldean, Errioxan eta Aragoin jarduten ziren lau organizazioren 28 kide atxilotu ditu, droga-trafikoaren kontrako operazio batean. Drogarekin trafikatzeagatik osasun publikoaren kontrako delitua, organizazio kriminal baten kide izatea eta kapitalak zuritzea leporatu diete.
Ikerketan, 16 miaketa egin dituzte Bizkaiko eta Nafarroako hainbat herritan: Iruñea (Nafarroa), Arbizu (Nafarroa), Lodosa (Nafarroa), Mendavia (Nafarroa) eta Sestao (Bizkaia). Bertan, bost kilo speed, 2,5 kilo marihuana, kokaina, haxixa, kristal eta heroina atzeman dute, baita estupefazienteak egiteko eta banatzeko tresneria ere.
Gaienera, agenteek baieztatu ahal izan dute atzemandako droga Hegoaldeko, Errioxako eta Aragoiko herri txikietako jaietan banantzeko asmoa zutela.
Halaber, 3 subfusil, 2 eskopeta, errifle bat, balezta bat, arku bat, bi pistola, munizioa, 6 matxete, hainbat arma zuri, lau ibilgailu, 53 telefono, gailu elektrikoak eta 36.500 euro eskudirutan, besteak beste, atzeman dizkiete.
Atxilotuak Lizarrako (Nafarroa) 1. mailako Instrukzio Epaitegiaren esku geratu dira eta epaileak organizazio bakoitzeko buruzagiak kartzelatzea agindu du.
Hala adierazi du Polizia Judizialaren kapitainak, hots, Nafarroatik zuzendutako operazioaren buruak. Zehatz-mehatz, ikerketa urtarrilean hasi zen droga kontsumoak gora egin zuela atzeman eta gero, Nafarroako Erriberan eta Aragoin.
Atxilotuen "babes neurri handiak" nabarmendu ditu kapitainak; izan ere, drogak, armak eta dirua babesteko, gordeleku nagusietako bat Valtierrako Kobazuloetan zuten. Segurtasun kamerak eta ate blindatuak ere zituzten.