Gizartea -
Nafarroa
Gerra Zibilean fusilatutako bost etxarriar omendu dituzte Urbasan
1936. urtean hildako bost etxarriar gogoan hartu dituzte bi lekutan: batetik, Raso Amildegian eta, bestetik, Otsaportillon.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Guda Zibilean fusilatutako bost etxarriar omendu dituzte igande honetan Urbasan (Nafarroa). Etxarri Aranatzeko Udalak eta Sakanako Fusilatuen Senideen Elkarteak antolatuta, omenaldiaren topaguneak bi izan dira: batetik, Raso Amildegian eta, bestetik, Otsaportillon.
Lehenengoan Balbino Garcia historialaria izan da (amildegian botatako fusilatuetako baten loba da), eta bigarrenean, berriz, Amaia Urkijo (bi fusilatuetako loba).
Etxarriko bost auzokide horiek 1936. urteko irailaren 6an fusilatu zituzten. Guztiak UGTko tokiko-batzordeko kideak ziren. Oroimen historikoko ariketa burutu nahi izan du Udalak gaurko omenaldiarekin.
Horrekin batera, auzokide horien eta beste bost lagunen gorpuzkiak ateratzeko prozesuaren gainean jardunaldi bat egingo dute irailaren 19an. Gainera, urriaren 31an El Drogasek eta La (Des)Memoria Bandek kontzertua eskainiko dute.