Gizartea -
Urriaren 26an
313 salmenta-postu Gernikan, Urriko Azken Astelehenean
Jaiegun handirako dena prest egon dadin, larunbatean bertan kale batzuk itxiko dituzte, eta trafikoa ondoko kaleetara bideratuko dute.
eitb.eus
Datorren astelehenean, urriaren 26an, Gernikan, Urriko Azken Astelehena izeneko nekazaritza-azoka egingo da. Aurten ere gaztagileek bilduko dute ordezkaritza zabalena (61 postu), eta bigarren, artisauek (50 postu). Eta horien atzetik barazki-saltzaileak (48 postu), ogia eta euskal pastela (20) eta txakolingileak (19) izango dira. Aipatutakoez gain, honako hauek ere salduko dira: kontserbak, (15), makinak (13), frutak (12), sagardoa (6), erroskillak (6), eztia (4), esnekiak (6) eta beste 6 postuetan, bestelakoak.
Beti legez, barazki-, fruta-, lore-, txakolin-, ezti- eta gazta-txapelketak egingo dira azokan. Pilota-partidak ere ohikoak dira egun horretan, eta aurten zesta-puntako partida bikainak eta kiniela amerikarra programatu dituzte.
Kaleak itxita
Jaiegun handirako dena prest egon dadin, larunbatean bertan, kale batzuk itxiko dituzte, eta trafikoa ondoko kaleetatik bideratuko dute.
Moztuko dituzten kaleak honako hauek dira: Adolfo Urioste, Artekalea eta Juan Kaltzada. Ostiralean, urriaren 23an, itxiko dituzte horiek, 15:00etan. San Juan kalea, berriz, larunbatean, urriaren 24an, 14:00etan.
Gainera, asteartean ere kaleok itxita egongo dira, garbiketa-lanak egin ahal izateko.