Gizartea -

Bilbo

Bilkura egingo dute Zorrotzan, emakumearen kontrako erasoa salatzeko

Azoka parkean izango da, 19:30ean. Bortxaketa eta lapurreta saiakera salatu duen emakumeak Gurutzetako Ospitalean jarraitzen du, zauri larriekin.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zorrotzako auzo-elkarteak elkarretaratzea deitu du gaur 19:30ean, Azoka parkean, asteburuan izan den  "eraso bortitza" salatzeko.

Bortxaketa eta lapurreta saiakera salatu duen emakumeak Gurutzetako Ospitalean jarraitzen du, Zorrotzako auzo-elkarteko hainbat iturrik eitb.eus-i jakinarazi diotenez.

Erasoa ostiralean jazo zen, 06:00ak aldera. Emakumea kalera atera zen, txakurrak paseatzera. Hermogenes Rojo kalean, anbulantzia-parking batean, identifikatu gabeko gizonezko bat emakumea bortxatzen saiatu zen. Horrek aurre egin zion, eta ustezko erasotzaileak jipoi handia eman zion.

Oihuak entzunda, anbulantzietako langileek emakumezkoari laguntza eskaini zioten. Orduan, ustezko erasotzaileak ihes egin zuen, eta emakumea ospitalera eraman zuten.SEXU ERASOAREN AURKAKO ELKARRETARATZEA ZORROTZAN ITURRIA: ZORROTZAKO AUZO ELKARTEA

Emakumeak zauri larriak ditu aurpegian, eta litekeena da ospitalean egonaldi luzea egin behar izatea.

Gurutzetako Ospitaleak dagokion protokoloa abian jarrita, Ertzaintzak salaketa jaso eta ikerketa abiarazi du, xede izanik gizonezkoa identifikatzea eta atxilotzea.

 

_____________________________________

Tratu txarren biktima bazara edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono zenbaki hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Doakoak dira biak, eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo berriak Tratu txarrak