Gizartea -
Biktimaren estatutua
Biktimek espetxe-onuren inguruko iritzia eman ahal dute jada
Delitu larrienen (terrorismoa, emakumeen aurkako indarkeria edo adingabeen kontrakoa) biktimek espetxe-zaintzako epaileari iritzia emateko aukera dute dagoeneko.
Agentziak | Erredakzioa
Estatutua indarrean sartu ondoren, zigortuen baldintzapeko askatasuna, gradu aldaketa edo kartzelaldia arintzeko neurriak erabaki baino lehen, espetxe-zaintzako epaileari iritzia emateko aukera dute delitu larrienen biktimek.
Biktimaren Estatutua 2014ko abuztuan onartu zuen Ministroen Kontseiluak. Araudia, baina, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta sei hilabetera sartu da indarrean.
Hasierako testuari zuzenketak aurkeztu zizkion PPk Diputatuen Kongresuan, espetxe-zaintzako epaileak biktimari alegazioak aurkezteko aukera eman diezaion. Horretarako, magistratuak erabaki bat hartu baino lehen, bost eguneko epea izango dute biktimek.
Azken erabakiaren aurrean helegitea aurkezteko aukera
Gainera, terrorismo, hilketa, abortu, lesio, tortura, gizakien trafiko, lapurreta, askatasun, osotasun morala edo sexu-askatasunaren aurkako delituetan, magistratuaren azken erabakiaren aurrean, helegitea aurkezteko aukera ematen du legediak. Kartzela-zigorra bost urte baino gehiagokoa den kasuetan, baldintzapeko askatasunaren autoaren kontra errekurtsoa aurkezteko aukera izango dute biktimek.
Arauak eskubide berriak ere jaso ditu. Posta arruntaz edo posta elektronikoz interes berezia duten ebazpenen berri izango dute biktimek, baina jakinarazpenik ez jasotzeko eskubidea ere badute.
Arauak eskubide berriak ere bildu ditu. Biktimek euren intereseko ebazpenen berri jasoko dute posta arruntaz edo posta elektronikoz, baina jakinarazpenik ez jasotzeko eskubidea ere badute.
Epaiketaren data, ordua eta tokia
Biktimek epaiketaren data, ordua eta tokiaren berri izango dute berehala, eta prozedura penala ez hasteko eta segurtasuna bermatzeko kautelazko neurrien ebazpenak “inolako atzerapenik gabe” jasoko dituzte.
Prozedura osoan zehar biktimak “babestuta” sentitzea nahi du Biktimaren Estatutuak. Genero-indarkeria ingurune batean bizi diren adingabeak biktimatzat aitortzen ditu araudiak, horiei ere laguntza eta babesa emateko asmoz.