Gizartea -

Indarkeria matxista

Adineko bat atxilotu dute Bilbon, emazteari labanaz erasotzeagatik

67 urteko emakumezkoa ospitalean artatu behar izan dute bizkarrean eta bi eskuetan zituen zauriak sendatzeko. Tratu txarren kontrako telefonoa: 016.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak 75 urteko gizonezko bat atxilotu du Bilbon, haren 67 urteko emazteari labanaz erasotzea egotzita. Emakumezkoa ospitale batean artatu behar izan dute, bizkarrean eta bi eskuetan zituen zauriak sendatzeko.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar bidez jakinarazi duenez, emazteari eraso egin ondoren, antza, ustezko erasotzaileak bere burua ere zauritu du bi eskuetan, eta mediku arreta jaso behar izan du.

Erasoa gaur goizaldean gertatu da. Emakumeak larrialdi zerbitzuetara deitu du, senarra labana batez eraso egiten ari zitzaiola esanez, eta, minutu batzuk geroago, gizonezkoak deitu du, erasoa baieztatzeko.

Ertzaintzaren agenteak eta larrialdi zerbitzuetako kideak senar-emazteek Uribarri auzoan duten etxebizitzara joan direnean, gizonak ireki die atea, eta logeletako batean topatu dute emakumea, odoleztatuta.

________________________

Tratu txarren biktima bazara edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono zenbaki hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Doakoak dira biak, eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko azken albisteak Tratu txarrak Espainian Gizartea albisteak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Adinekoak