Gizartea -
Behobia-Donostia
Behobia-Donostiako lau korrikalarik larri jarraitzen dute ospitalean
Horiez gain, beste 15 korrikalarik ospitaleratuta jarraitzen dute, larrialdi zerbitzuetan, zaintzapean. Bestalde, Berbintzanan atsekabea da nagusi, atzo bertako gazte bat hil ostean.
EITB.EUS
Oraindik ospitalean jarraitzen dute atzo Behobia-Donostia lasterketan parte hartu zuten 19 korrikalarik, eta lau larri daude, Zainketa Berezien Unitatean, ospitaleko iturriek eitb.eus-i jakinarazi diotenez.
Ospitaleak ez du zehaztu zein izan den korrikalariak ospitaleratzeko arrazoia, baina lau larri eta gainerakoak larrialdi zerbitzuetan zaintzapean daudela baieztatu du.
Antolatzaileek atzo jakinarazi zuten inoiz baino pertsona gehiago artatu behar izan dituztela aurtengo edizioan, inoizko parte-hartze handienak eta tenperatura oso altuak bat egin baitute.
Berbintzana, atsekabetuta
Berbintzanako 31 urteko gizon bat hil zen atzo Behobia-Donostia lasterketan. Gaztea oso ezaguna zenez, berri horrek zeharo hunkituta utzi ditu Nafarroako udalerri horretako herritarrak.
Gaztea futbolaria zen, eta herriko taldean jokatzen zuen. Horregatik, mediku-kontrolak egiten zizkioten.