Gizartea -

Auzitegi Gorena

Adingaberi egindako sexu-abusuek gora egin dute, Gorenaren arabera

Ustezko erasotzailearen profila honako hau da: edozein maila sozialeko eta kulturaleko gizonezko helduarena, eta adin txikiko senideari sexu-abusuak egiten dizkiona, mehatxupean.

Azken urteetan adingabeen aurkako sexu-delituen gorakada nabarmena atzeman dute epaileek. EiTB
Azken urteetan adingabeen aurkako sexu-delituen gorakada nabarmena atzeman dute epaileek. EiTB
Azken urteetan adingabeen aurkako sexu-delituen gorakada nabarmena atzeman dute epaileek. EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Gorenaren Zigor Aretoak kudeatzen dituen auzien % 20k sexu-abusuekin lotura du, eta gehienak adingaberi egindako sexu-abusuekin lotutakoak izanda gainera, kopuru horrek gora egin du azken urteetan, hainbat epailek ohartarazi dutenez. Hori dela eta, delitu hori prebenitzeko ekintzak hobetzeko gomendatu dute epaileek.

Andres Martinez Arrieta Auzitegi Goreneko Bigarren aretoko epaileak horren harian adierazi duenez, "azken urteetan adingabeen aurka egindako sexu-delituen gorakada nabarmena atzeman dugu". Gauzak horrela, auzitegi horrek kudeatzen dituen auzien bosten batek delitu mota horrekin du lotura.

Arreta prebentzioan

Zentzu horretan, Auzitegi Gorenak dioenez, gabeziak ez daude egungo araudian edota delitu horien aurkako prozesu-bitartekoetan, gizarteak abiarazi ditzakeen prebentziozko ekintzetan baizik.

Auzitegi Gorenak kaleratutako txostenaren arabera, ustezko erasotzailearen profila honako hau da: edozein maila sozialeko eta kulturaleko gizonezko helduarena, eta adin txikiko senideari sexu-abusuak egiten dizkiona, mehatxupean, gurasoak jakinaren gainean egon gabe.

"Erasotzailea zigortzen dugun ebazpen gehienetan bortxatzailea biktimaren ingurukoa da", dio txostenak, "familia-albumean edo egongelako argazki batean ere egon daiteke".

"Kontatzen baduzu, inork ez dizu sinetsiko" edo "kontatzen baduzu, etxetik alde egingo dut eta zure familiak sufrituko du" dira, besteak beste, abusuak egiteko erasotzaileak erabiltzen dituen mehatxuak, bereziki, biktimaren amaren bikotekidea, osaba edo koinatua denean. Bestelako kasuetan, ohikoa da erasotzailea biktimaren gurasoen lagunen bat izatea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Gorena argazkiak Gizartea albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Umeak Sexu erasoak