Gizartea -
Erakundeei deia
Indarkeria matxistaren aurkako neurriak eskatu dituzte Barakaldon
Argitanek elkarretaratzea egin du astelehenean, Barakaldoko Herriko Plazan, Gurutzeta auzoan gertatutako emakume baten hilketa saiakera salatzeko.
Agentziak | errdakzioa
Argitan Barakaldoko Emakumearen Aholkularitza Zentroak "neurriak eta baliabideak" eskatu dizkiete erakundeei, indarkeria matxistari aurre egiteko.
Argitanek elkarretaratzea egin du astelehenean, Barakaldoko Herriko Plazan, Gurutzeta auzoan -aurreko ostiralean- gertatutako emakume baten hilketa saiakera salatzeko.
Salatu dutenez, tratu txarrak eta genero indarkeria emakumeek egun bizi duten "desberdintasun egoeraren eta diskriminazioaren" ondorio dira.
Horren ildotik adierazi dutenez, "Euskal Herrian bost emakume hil dituzte haien bikotekideek edo bikotekide ohiek, indarkeria matxistaren ondorioz, aurten", eta Estatu espainiarrean 48raino heldu da kopurua.
Hori dela eta, eta indarkeria pairatzen duten emakumeen beharrak asetzeko, neurriak hartu eta baliabideak ahalbidetzeko eskatu diete erakunde publikoei.
Besteak beste, formakuntza, berdintasun, sexu-dibertsitate, hezkuntza eta genero indarkeriaren inguruko planak garatzea litzateke. Gainera, baita ere eskatu dute emakumeei zuzendutako autodefentsa ikastaroak, arreta publikoen zerbitzuak, harrera-etxeak, alokairu sozialak, genero indarkeriaren gaineko epaitegi espezifikoak, berehalako babeserako agindu eraginkorrak sustatzea eta emakumeentzako gune arriskutsuak desagerraraztea.
_______________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.