Gizartea -
BARAKALDO
Gabonetako haur parkea ostegunean zabalduko dute BEC! erakustazokan
Aurreko edizioetan bezala, aurtengo parkea eskaintza zabalarekin dator, ume eta gurasoen gozamenerako. Antolatzaileen arabera, jolasen bidez, hezkuntza eta kultur balioak sustatzea da xedea.
EITB.EUS
Abenduaren 17an zabalduko ditu ateak BEC! erakustazokako Umeen Gabonetako Parkeak, eta urtarrilaren 5era arte, ehunka ekintza eskainiko ditu, haurrei eta helduei zuzenduta. 51. edizioa da aurtengoa, eta aurreko urteotako "arrakasta errepikatu" nahi dute antolatzaileek, goizean egin duten aurkezpenean esan dutenez.
Egitarau zabala eta anitza du aurtengo parkeak ere. Umeen eta gurasoen gozamena erdigunean jarrita, "hezkuntza eta kultur balioak" sustatzea da xedea.
Orotara, 65 stand izango ditu Barakaldoko parkeak. Erakundeak, enpresa publiko eta pribatuak, kultur elkarteak eta komunikabideak izango dira aurten ere bertan parte hartzen, eta jolasak, era guztietako atrakzioak, ekimen didaktikoak, kirol-jokoak eta kultur-ekintzak aukeran egongo dira.
Iaz bezala, izotz-pista handi bat ere jarriko dute haur parkean, eta joan den urteko arrakasta ikusita, aurten ere, Gurasoen Gaua ospatuko dute abenduren 26an. Ez dira faltako, halaber, saskibaloi, eskubaloi, beisbol edota mahai-tenis txapelketak.
PREZIOAK ETA ORDUTEGIAK
2015eko abenduaren 17tik 2016ko urtarrilaren 5era egongo da zabalik haur parkea (abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean itxita egongo da).
Ordutegia:
* 11:00etatik 20:00etara
* Abenduaren 24an eta 31n, eta urtarrilaren 5ean: 11:00etatik 17:00etara
* Leihatilak irekiera eta itxiera orduak baino 30 minutu lehenago ireki eta itxiko dira
Prezioak:
* 3 urtetik beherako haurrek, doan
* Prezio orokorra: 7,50 € leihatilan eta makinetan
* Abenduaren 7tik aurrera, Kutxabanken kutxazainetan ere daude salgai sarrerak
* 10 sarrerako sorta: 65 € (leihatilan baino ez)