Gizartea -
SGAE
Absolbitu egin dute Ramoncin, froga nahikorik ez dutelako
Fiskaltzak lau urte eta erdiko espetxe zigorra eskatu zuen artistaren kontra, SGAEn dirua desbideratzeko sare bat sortzea egotzita.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Auzitegi Nazionalak absolbitu egin du Jose Ramon Marquez Ramoncin abeslaria, horren aurkako froga nahikorik ez dagoela argudiatuta. Fiskaltzak lau urte eta erdiko espetxe zigorra eskatu zuen artistaren kontra, Espainiako Egileen Elkarte Nagusian (SGAE) 57.402 euro desbideratzeko sare bat sortzea egotzita.
Ramoncinekin batera, SGAEko hiru zuzendari (Jose Luis Rodriguez Neri, Pablo Antonio Hernandez Arroyo eta Enrique Loras Garcia) ere epaitu zituzten, eta horiek ere absolbitu dituzte, argudio berdinekin.
Abeslariaren aurkako prozesua SGAEko hainbat zuzendariren aurka 2011n abiatutako ikerketaren zati bat da.
Duela urtebete baino gehiago, Auzitegi Nazionalak bi urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri zion Pedro Farre SGAEko zuzendaritzako kide ohiari, hainbat tabernatan gauez egindako gastuak SGAEko diruarekin ordaintzeagatik.