Gizartea -
Astronomia
Bederatzigarren planeta baten zantzuak aurkitu dituzte Eguzki Sisteman
Lurrak baino bost aldiz masa handiagoa izango luke, eta Eguzki Sistemako bosgarren handiena izango litzateke.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Baliteke beste planeta bat, bederatzigarrena, egotea Eguzki Sisteman, Plutonetik urrunago, Kaliforniako Teknologia Institutuko astronomoek jakinarazi dutenez.
Planeta 'berria' izoztua eta erraldoia izango litzateke. Izan ere, gutxienez Lurrak baino bost aldiz masa handiagoa izango luke, eta gerta liteke hamar aldiz handiagoa ere izatea.
Nolanahi ere, astronomoek ez dute oraindik begiztatu; existitzen den zantzuak topatu dituzte, hainbat planeta nanoren artean mugimendu bat sumatu baitute.
Antza denez, planeta nanoak grabitate indar batek mugitu ditu, eta hori planeta bat egonez gero baino ez omen da posible, Michael Brown eta Konstantin Batygin zientzialarien hitzetan.
Orain, 'Bederatzigarren Planeta' (izen hori jarri diote oraingoz) begiztatzeko lanean ari dira, teleskopioak erabiliz.
Planeta hori existitzen dela baieztatuko balitz, Eguzki Sistemako bosgarren handiena izango litzateke. Aurretik Jupiter, Saturno, Urano eta Neptuno izango lituzke.