Gizartea -
Klima aldaketa
2015. urtea, azken 136 urteetako beroena
Duela 136 urte erregistroa hasi zenetik urterik beroena izan zen 2015a. XX. mendean zehar jazotako batez besteko tenperaturaren gainetik 0,9 gradu kokatu zen iaz.
EFE
Duela 136 urte erregistroa hasi zenetik urterik beroena izan zen 2015a Lurrean, NASAk eta AEBetako Ozeano eta Atmosfera Administrazioak (NOAA) zabaldutako urteko txostenaren arabera.
XX. mendean zehar jazotako batez besteko tenperaturaren gainetik 0,9 gradu kokatu zen iaz, ikerketak argitu duenez. Iragan mendeko batez besteko tenperatura 13,9 gradukoa izan zen.
Hala, 2015a 2014a baino 0,13 gradu beroagoa izan zen, AEBetako Espazio Agentziak (NASA) jakitera eman duenez. 2014ak aurreko marka hautsi zuen tenperaturei dagokienez.
Datu berriak “esanguratsuak” dira; izan ere, 1880tik beroak errekor guztiak hautsi ditu bigarren urtez jarraian, Thomas R. Karl NOAAko zientzialariak eta Gavin Schmidt NASAko Goddard institutuaren zuzendariak goraipatu dutenez.
“Hala ere, ez da aurrekaririk ez duen fenomenoa. Tenperaturen markak jarraian 1940an eta 1041ean hautsi ziren, eta baita 1988an eta 1989an ere”, azaldu dute zientzialariek. “2016an tenperaturen errekor berri bat jarriz gero, orduan bai markatuko litzateke aurrekari garrantzitsu bat”, ohartarazi dute.
Duela hilabeteak, "El Niño" fenomenoaren ondorioz, tenperatura altuak aurreikusi zituzten nazioarteko zientzialariek. Fenomenoak 2015ean “kaosa” eragin zuen mundu guztian. Besteak beste, lehorteak eragin zituen Afrika hegoaldean, uholdeak Hego Amerikan eta beroaldiak Indian, NASAren arabera.
Klima aldaketa
Hala ere, tenperatura altuen arrazoi nagusia klima aldaketa dela azpimarratu du berriro azken ikerketa horrek. NASAren hitzetan, XIX. mendeko amaieratik Lurreko batez besteko tenperaturak gradu bat egin du gora.
Zentzu horretan, azken 35 urteetan tenperaturek nabarmen gora egin dute, AEBetako Espazio Agentziak goraipatu duenez. Gainera, 16 urte beroenetatik 15 XXI. mendean izan dira.
Bestalde, 2015ean ozeanoa sekula ez bezala berotu zen, tenperatura XX. mendeko batez bestekoa baino 0,74 gradu altuagoa izan zen, 2014an, 1988an eta 2003an ezarritako markak gaindituz.
2015ean, lurrazaleko batez besteko tenperaturak ere gora egin zuen. Horrela, XX. mendeko batez bestekoaren gainetik 1,33 gradu kokatu zen. 2007an eta 2010ean ezarritako errekorrak hautsi zituen. Orduan lurrazaleko tenperaturak 0,25 gradu gora egin zuen.
Ikerketaren esanetan, tenperaturen gorakadak Erdialdeko Amerikari, Hego Amerikako iparraldeari, Europako iparralde, hegoalde eta ekialdeari, Asiako mendebaldeari, Siberiako eremu zabalei, eta Afrikako ekialde eta hegoaldeari eragin zien batez ere.
Poloak urtzen ari dira
Izotzari dagokionez, Artikoan 4,25 milia karratu (11 milioi kilometro karratu) izozturik izan ziren batez beste, 1979tik bosgarren azalera txikiena, txostenak jakinarazi duenez.
Antartikak 4,92 milia karratu (12,74 kilometro karratu) izozturik izan zituen. Hirugarren urtez jarraian errekor negatiboa da.