Gizartea -
Indarkeria sexista
Aliciaren ama: 'Ni ere botatzen saiatu zen'
Gabrielak esan duenez, dagoeneko guztia kontatu die ospitalera bera ikustera joan ziren ikertzaileei, eta atxilotua ez zuela gau horretan ezagutu berretsi du.
Agentziak | Erredakzioa
Gasteizen leiho batetik behera botata hil zuten Alicia 17 hilabeteko neskatoaren amak aitortu duenez, Alicia hil zuen gizona umearen ama ere leihotik botatzen saiatu zen, baina ez zuen lortu.
Diario de Burgos egunkariari elkarrizketa eskaini dio Gabrielak, Aliciaren amak. Asteazkenean eman zioten senda-agiria, bederatzi egunez ospitalean izan eta gero. Hilketa gertatu zenetik, psikologo eta psikiatrek artatu dute 18 urteko emakumea, alaba hil zela jakin zuenean "behea jo" baitzuen.
Egunkariari azaldu dionez, urtarrilaren 25ean gertatutako guztia kontatu die erietxera galdekatzera joan zaizkion ikertzaileei, eta baztertu egin du gizonak adingabeari ustez egin zizkion sexu-abusuen inguruan ezer esatea.
Horren arabera, D.M.G ez zuen gau horretan ezagutu: "Norbait ezagutzen badut, gau horretan bertan ez noa bere etxera, are gutxiago alabarekin". Ez du argitu, dena den, noiztik zuen harremana berarekin.
Gabrielaren esanetan, hilketa jazo zen egunean gizona Hontoria del Pinar (Burgos) herrira joan zitzaion bila, eta bera, ahizpa eta alaba Burgosera eraman zituen. Han, haurtxoari afaltzen eman eta gero, Gasteizera joan ziren hirurak, "gau hori bakarrik pasatzera".
Hortik aurrera gertatu zenaz ez du hitz egin nahi, eta "lasai" utz dezatela eskatu du.
Ikerketa zabalik den bitartean, Burgosen egon behar duela azaldu du, baina Aste Santuan Brasilera joateko aukera ez du baztertu, han bizi baita amaren familia.