Gizartea -
Olatu handiak
Itsas denboralea baretuz badoa ere, abisu horia dago ostiralera arte
Olatuen altuera jaitsiz joango da. Bien bitartean, astearte goizaldeko kalteak zenbatzen eta konpontzen hasi dira hainbat herritan.
Agentziak | Erredakzioa
Okerrena igaro bada ere, itsasoan oraindik ez da giro, eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ostiralera arte izango du abisu horia indarrean, olatu handiak direla eta. Dena dela, olatuen altuera jaitsiz joango da egunek aurrera egin ahala.
Gaur, asteazkena, 4-4,5 metro arteko olatuak espero dira. Pasaian (Gipuzkoa), esaterako, 4,58 metroko bat erregistratu dute goizean. Bi abisu hori daude indarrean: bata, nabigazioari dagokiona, 06:00etatik 18:00etara, eta bestea, kostaldeko egoerari lotutakoa, 17:00etatik 19:00etara. Egunaren amaieran, 3 metroko olatuak aurreikusi dituzte meteorologoek.
Ostegunean, itsasoak kostaldean kalteak egiteko arriskua egongo delako izango da abisu horia, 05:00etatik 08:00etara. 3-3,5 metroko olatuak espero dira.
Ostiralean ere, indarrean egongo da abisua, baina 2-2,5 metroko olatuak aurreikusi dituzte.
Konponketak
Denboraleak gehien kolpatutako herriek kalteak zenbatzeko eta konpontzen hasteko eguna dute gaurkoa.
Donostian, Pasealeku Berriak itxita jarraituko du, gutxienez asteburura arte. Olatuek kalte nabarmenak utzi dituzte barandan eta hiri-altzarietan, eta gunea itxita dute. Teknikariak beldur dira zoladuran zuloren bat topatuko ote duten. Zubiak ere ikuskatu dituzte.
Bermeon, Portu Zuzendaritzari dagokio astelehen goizaldean itsasoak eramandako kai-muturreko zatia konpontzea. Dena den, "ikerketa sakonagoa" eskatuko du Udalak, 2014an ere leku beretik zulatu baitzen murrua.
Getxon, Ereagako hondartza eta ingurua garbitzeari ekin diote gaur udal langileek. Egoera meteorologikoak hobera egin duela ikusita, Krisi Mahaia eta Babes Zibilaren Udal Plana bertan behera utzi ditu Imanol Landa alkateak.
Donostiako Ondarreta hondartzan aurkitu dute denborale honen aurpegirik atseginena, foka bat heldu baita, olatuek eramanda. Argazkia: EFE