Gizartea -
Gasteiz
'Matxismoak ez du klaserik, ez nazionalitaterik'
Gasteizko kolektibo sozialek deitoratu egin dute zenbait sektorek "arrazakeria sustatzea matxismoaren aurka egiteko".
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gasteizko hogei bat elkarte sozialek eta feministak "onertezin"tzat jo dute zenbait sektorek sexu erasoak "helburu xenofobo argiekin" erabili izana.
Besteak beste, Arabako Emakumeen Bilguneko, Mugarik Gabeko eta Gasteiz Irakiako ordezkariek prentsaurrekoa eskaini dute astearte honetan, inauterietan bi emakumezko adingabek pairatutako sexu erasoa hizpide. Izan ere, ustezko erasotzaileak Foru Aldundiaren zaintzapean dauden bi adingabe atzerritar dira, eta datu hori "helburu xenofoboekin" erabili dute zenbait sektorek.
Horren ildotik, Eli Etxeberria bozeramaileak gaitzetsi egin ditu erasoak, baina salatu egin du matxismoaren aurka egiteko "argudio arrazistak" erabili izana.
"Matxismoak ez du klaserik, ez nazionalitaterik […], eta emakumeak eta arauetatik kanpo dauden gorputzak mendean izatea du helburu", ohartarazi du.
Horregatik, "joko sinplean" ez erortzeko deia egin die gasteiztarrei, batzuek pentsarazi nahi baitute "eraso matxistak tankera jakin bateko gizonek egiten dituztela".
"Berretsi egin nahi dugu gizon baten matxismoak ez duela zerikusirik bere nazionalitatearekin, adinarekin edo jatorriarekin, baizik eta emakumeen aurrean duen portaerarekin", gaineratu du.
Etxeberriak nabarmendu duenez, indarkeria matxista erabiltzen duten gizonek gauza bat dute antzeko: "gizonak direla, besterik ez".
Azkenik, ohartarazi du ez dutela onartuko "arrazakeria sustatzea matxismoaren aurka egiteko".