Gizartea -
Ospakizuna
225 urte bete dira Orozko Bizkaian sartu zenetik
Udalak hainbat kultur ekitaldi antolatu ditu, urte osoan garatzeko. 1785eko apirilaren 2an Gernikako Batzar Nagusiek Orozkoko erabakia onartu zuten.
Erredakzioa
225 urte betetzen dira gaur Orozkoko Udala Bizkaiko Jaurerrian behin betiko sartu zenetik. Ospakizun hori dela eta, Udalak hainbat kultur jarduera antolatu ditu, urte osoan zehar garatzeko. Ekitaldi horiek guztiek logotipo bera izango dute, ekimen horietarako diseinatua.1785eko apirilaren 2an, Orozko Haraneko ordezkariak Gernikako Batzar Nagusietara joan ziren Bizkaiko Jaurerrian onartuak izateko; izan ere, haraneko bizilagunek, 1784ko uztailaren 31n Larrazabalen egindako batzarrean, Bizkaian sartzeko baldintzak onartu zituzten.Bizkaiko Jaurerriaren eta Orozko Haranaren arteko hitzarmenak, hainbat arau jaso zituen. Besteak beste, Jaurerrian zeuden karga guztiei lotuta geratzen zen Orozko Harana, gainerako hiribilduak eta elizateak bezalaxe. Bigarren kapituluaren arabera, haraneko etxebizitzen zentsua egingo zen eta hirugarrenaren arabera, Orozkok Batzar Nagusietan parte har zezakeen, hitz egiteko eta botoa emateko eskubidea jasotzen zuten.Cadizko Gorteek 1811n ezarri zutena hogeita hamar urte lehenago egin zuen Orozkok "bere eskubideen aldeko borrokan". 225. urteurrena dela eta, aurrerapauso hura nabarmendu nahi dute, "gure historian garrantzi handikoa izan delako” Juan Antonio Olagenaga Orozkoko alkatearen esanetan.