Itxi

Gizartea

EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIA

Hil egin da Bidarten ustez senarrak larri zauritu zuen emakumea

EITB.EUS

Frantziako irrati publikoak baieztatu duenez, bart hil da 34 urteko emakumea, Baionako erietxean. Elkarretaratzea deitu dute gaur Donibane Loizunen, 18:00etan.

1:16

Hil egin da Bidarten ustez senarrak emandako kolpeen ondorioz egoera oso larrian aurkitu zuten emakumea. Frantziako irrati publikoak baieztatu duenez, bart zendu da 34 urteko emakumea, Baionako erietxean.

Bidarten (Lapurdi), Bazilur auzoko etxe batean, topatu zuten emakumea igande arratsaldean, larri. 48 urteko senarraren gorpua ere bikotearen etxean aurkitu zuten, bere burua urkatuta, antza.

Ikerketa abiatu dute, emakumeen kontrako indarkeria kasua izan daitekeela uste baitute. Antza denez, gizonezkoak emaztea jipoitu zuen, eta bere buruaz beste egin zuen ondoren.

Euskadi Irratiak jakin duenez, gizonezkoak aurrekariak zituen genero indarkeriagatik. Lau hilabeteko espetxe zigorra ezarri zioten 2014an, bikotekidea kolpatzeagatik, baina ez betetzekoa, lehen delitua baitzen. Ez zen urruntze agindurik izan eta elkarrekin jarraitu zuten.

Bihar egingo diote autopsia Bordeleko ospitalean. Bikotearen 9 urteko semea eskolan zegoen erasoa izan zenean, eta aitona-amonen zaintzapean geratu da.

_____________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo biktimaren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu 016 telefono-zenbakira (doakoa da eta ez du arrastorik uzten fakturan).

 

 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena