Gizartea -
Epaiaren zain
Andinaren ustezko hiltzaileak 'errugabea' dela berriro esan du
Akusazioek, ostera, auzipetuak biktima hil zuela frogatutzat jo dute eta 15 eta 19 urteko espetxe-zigorrak eskatu dituzte.
Agentziak | Erredakzioa
Joseba Andoni Agirrek, Andina Pereidaren ustezko hiltzaileak, “errugabea” dela berriz esan du gaur. 35 urteko bikotekide ohia 2014ko martxoaren 17an, Mungian (Bizkaia), plantxa baten kablearekin itotzea leporatzen diote Agirreri. “Maite duzun pertsona hiltzea egotzita, kartzelan egotea oso gogorra da”, adierazi du akusatuak.
Joseba Andoni Agirreren aurkako epaiketaren hirugarren eta azken saioa hartu du gaur Bizkaiko Lurralde-auzitegiak. Auzia epaiaren zain geratu da. Epaia datorren astelehenean eztabaidatuko du herri-epaimahaiak.
Azkenean, Ministerio Fiskalak eta Estatuko Abokatutzak euren ondorioak aldatu dituzte eta 15 urteko espetxe-zigorra eskatu dute. Hasiera batean, 16 urteko zigorra eskatu zuten bizilekua bortxatzeagatik eta hilketagatik. Lehen delitua bigarrena egiteko “bitarteko bat” izan zela ulertu dute orain.
Bestalde, akusazio partikularrak eskakizuna mantendu du: hiru urteko kartzela-zigorra ohiko tratu txarrengatik, beste urte eta erdi bizilekua bortxatzeagatik eta 15 urte hilketagatik. Abokatuak, aldiz, errugabetasuna eskatu du.
“Hertsapenaren aurrean ez nuen etsi”
Azken alegatuan, akusatuak “barkamena” eskatu dio epaimahaiari. “Hor eserita zaudete, errudun aitortzeko hertsapenaren aurrean etsi ez nuelako”, azpimarratu du.
Seme-alabak ikusi gabe bi urte baino gehiago daramatzala deitoratu du Joseba Andoni Agirrek. Epaiketan, lekukoei “mehatxari” begiratu ez diela nabarmendu du, “arretaz” baizik. Era berean, lekukoen testigantzak “bideratu” dituztela salatu du.
Azken txostenean, ikerketa “irregulartasunez” josita dagoela esan du abokatuak, “metodo zientifikoa erabili ez dutelako”. “Inkisizioak ez du balio”, adierazi du, ertzainek akusatuaren aitortza lortzeko moduari erreferentzia eginez.
"Mugimendu guztiak kontrolatzen zituen"
Bestalde, akusatuak hildakoaren “mugimendu guztiak kontrolatzen” zituela azaldu du akusazio partikularrak, “oso jeloskorra” zelako. Hala, hilketa baino lehen, 17 egunetan zehar 1.000 dei baino gehiago egin zizkion biktimari.
Aldez aurretik lapurtutako giltzekin biktimaren etxean sartu zela gogorarazi du Ministerio Fiskalak. Bakarrik zegoela jabetu eta ito egin zuen. “Etxean egon zen eta hil egin zuen”, gaineratu du.
Azkenik, biktimak akusatuari “beldur ikaragarria” ziola azpimarratu du Estatuko Abokatutzak. Horregatik, etxebizitzaz aldatu zuen, seme-alabak egoeraz ohartarazi zituen eta pertsona gehiagorekin bizi zela esatera heldu zen. “Egilea bera ez izateko aukera bakarra mamu edo espiritu bat izatea da. Krimenaren arduradun bakarra da”, adierazi du.