Gizartea -

Kamiñalde

Ondarroako luiziaren kaltetuek 'bitarteko gehiago' eskatu dituzte

Oraingoz 14 familia birkokatu dituzte. Larunbat honetan beren etxeetara sartzeko aukera izan dute kaltetutako 176 familiek.

Kamiñaldeko luiziaren kaltetuak beren etxeetara sartu ahal izan dira gaur, ordubetez. Argazkia: EiTB
Kamiñaldeko luiziaren kaltetuak beren etxeetara sartu ahal izan dira gaur, ordubetez. Argazkia: EiTB
Familiek gutxienez 7 hilabete igaro beharko dute euren etxetik kanpo

1:35

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ondarroako Kamiñalde kaleko luiziaren kaltetuek "bitarteko gehiago" eskatu dizkiete Bizkaiko Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari, lur jausien ondorioz etxetik atera behar izan zituzten 176 familiaren birkokatzea azkartzeko.

Gaur goizean egindako prentsaurrekoan, Aiert Etxanizek hitz egin du Kamiñaldeko kaltetuen izenean. Haren esanetan, gaur-gaurkoz 14 familiari aurkitu diete etxea eta beste 13 familia laster birkokatuko dituzte, baina "ez da nahikoa". Gainera, beste 32 familia partikularrek utzitako etxebizitzatan bizi dira.

Ildo horretan, Ondarroan etxebizitza hutsak dituzten jabeei dei egin die etxe horiek kaltetuen eskura jar ditzaten, "beharrezkoa" dela iritzita. "Ezin dugu inor bere etxea uztera behartu, baina pentsa dezatela apur bat", adierazi du.

Bestalde, birkokatzeak azkartzeko bitarteko gehiago jartzeko eskatu diete kaltetuek Bizkaiko Diputazioari eta Eusko Jaurlaritzari; gutxienez, Kamiñaldeko "mendi-hegala egonkortzeko bideratzen ari diren adina bitarteko".

Etxanizek azpimarratu duenez, litekeena da egoera urtebetez luzatzea. "Lanak egin ahala ikusiko dugu, baina gutxienez beste lau hilabete izango dira", gaineratu du.

Kaltetuek bizi duten egoera oso gogorra dela aitortu du. Luiziak gertatuz geroztik "hirugarrenez" beren etxeetara sartu ahal izan dira gaur, ordubetez. "Ordubetez sartu gara, baina etxetik atera ezin ditugun hainbat gauza daude. Nik etxean ditudan gauza guztiak aterako nituzke, baina non sartuko ditut etxerik ez badut? Izkina batean edukitzeko bertan utziko ditut", azaldu du.

Azkenik, agintariek beren etxeetara itzultzeko baimena ematen dietenean "lasai" itzuliko direla azpimarratu du, ustez, egiten ari diren lanen ondorioz dena ondo geldituko dela iritzita.

Lapurretak

Bestalde, Radio Euskadi jakin duenez eta Ondarroako auzokideek salatuta, San Ignazio kaleko 47 eta 49 atarietako bi etxebizitzatan ezezagunak sartu dira, eta hainbat ganbaratan lapurretak egin dituzte.

Horretaz ohartu dira bertako auzokideak, hainbat gauza biltzeko asmoz, ordubetez gaur euren etxeetan sartzeko aukera eman dietenean. Hori dela eta, bizilagunek segurtasun-neurri handiagoak eskatu dituzte.

Salaketa jarri ostean, Ertzaintzak ikerketa abiarazi du jazoeraren nondik norakoak argitzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da Bizkaian? Eusko Jaurlaritza albisteak Gizartea Albisteak Gaur Ondarroa albisteak Higiezinen merkatua gaur Mendi-magaletako lur-jausiak Albisteak