Gizartea -

Ondarroako lur-jausia

Urtebete, Ondarroako luiziaren kaltetuak etxera itzuli ahal izateko

Kamiñaldeko lehen lerroko etxebizitzetako kaltetuek ezingo dute urtebete baino lehenago etxera bueltatu. Gainerako bizilagunek gutxienez lau hilabete itxaron beharko dute.

Ondarroako Kamiñalde auzoan izandako lur-jausia. Argazkia: EFE
Ondarroako Kamiñalde auzoan izandako lur-jausia. Argazkia: EFE
Ondarroako Kamiñalde auzoan izandako lur-jausia. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ondarroako Udalak jakinarazi duenez, Kamiñaldeko luizian kaltetutako lehen lerroko etxebizitzetako bizilagunak euren etxeetara itzuli ahal izateko gutxienez urtebete igaro beharko da. Gainerako kaltetuen kasuan, gutxienez lau hilabete itxaron beharko dute.

Udal ordezkariek bilera egin dute ostiral honetan  lur-jausiak kaltetutako 176 familiekin. Batzar horretan Kamiñalden orain arte egindako lanak eta hemendik aurrera egingo dituztenak azaldu dituzte teknikariek.

Gauzak horrela, larunbat honetan, 09:00etatik aurrera, euren etxeetan sartu ahal izango dira, beharrezkoa dituzten gauzak hartzeko. Arrisku gutxien duten etxebizitzetan ordubetez egon ahal izango dira, gainerakoetan, 30 minutuz.

Familia bakoitzari ordu zehatz bat egokituko zaio, etxean sartzeko. Segurtasun neurriak errespetatzeko eta Udaltzaingoaren, suhiltzaileen, Ertzaintzaren eta larrialdietarako zerbitzuen jarraibideei kasu egiteko deia luzatu du Ondarroako Udalak.

“Ez dugu ahaztu behar larrialdi egoera batean gaudela. Beraz, teknikarien oharrei kasu egin behar diegu, ezustekoak saiheste aldera”, azpimarratu du Zunbeltz Bedialauneta alkateak.

Kaltetuentzako etxerik gabe

Bestalde, Udalak aitortu du kaltetuei behin-behineko etxeak emateko zailtasunak dituela, batetik, Alokabidek kudeatzen duen prozesua uste baino astiroago doalako, eta bestetik, eskariari erantzuteko etxebizitza nahikorik ez dagoelako.

Horrenbestez, Udala Jaurlaritzako eta Alokabideko ordezkariekin bildu da, etxean alokatzeko ohiko prozesua arintzeko eskatu, “Ondarroak larrialdi egoera bizi baitu”.

Ildo berean, eskualdeko bizilagunei dei egin die etxebizitzak hutsik izanez gero, Alokabideren esku uzteko. “Oraindik ez dugu etxe kopuru nahikorik kaltetu guztien beharrizanei aurre egiteko. Beharrizana handia da”, ohartarazi du alkateak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gizartea Gaurko titularrak Ondarroa albisteak Gaurko azken orduko albistea Etxebizitzen merkatua Luiziak