Gizartea -
Getxoko epaitegia
Goirizelaiak El Mundo salatzeko diru publikoa erabiltzea defendatu du
UGT izan zen EHUren errektorea salatu zuen kereila diru publikoarekin aurkezteagatik.ETAko presoen matrikulazioekin lotutako informazio batengatik jarri zuen salaketa, baina Gorenak atzera bota zuen
agentziak | erredakzioa
Iñaki Goirizelaia Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) errektoreak auzitegiak deklaratu du gaur, eta atera denean esan du euskal unibertsitatearen ordezkari goren gisa jokatu duela beti, erakundearen defentsan.
Goirizelaiak Getxoko 4. instrukzio auzitegian deklaratu du gaur, UGTren salaketa medio. Sindikatuak ez zuen begi onez ikusi errektoreak El Mundo egunkariaren kontra jarri zuen kereilako gastuak, 7.456 euroak, diru publikoarekin ordaindu izana.
Gorizelaiak azpimarratu du EHUren "ordezkari gorena" dela, eta unibertsitatearen "izenaren eta irudiaren defentsan" jokatu duela legeak eta unibertsitatearen estatutuak ahalbidetzen duenaren heinean.
"Euskal Herriko Unibertsitateko errektore naiz, eta beti jokatzen dut errektore gisa, Euskal Herriko Unibertsitatearen ordezkaritza organo goren gisa, eta errektore moduan jokatu dut eta jokatuko dut beti", gaineratu du.
Miguel Henares UGTren ordezkariak uste du, ordea, Goirizelaiak "nahastu" egiten dituela "kargua eta pertsona"; eta "ohorearen kontrako erasoa" ikusi badu, "bere poltsikotik" ordaindu beharko lukeela.
Sindikatua "diru publikoarekin ohorearen kontrako salaketa pertsonalak diru publikoarekin ordaintzearen aurka" omen dago eta azpimarratu du, gaur egin duen moduan, unibertsitateko zerbitzu juridikoak erabili ahal zituela.
Iñaki Goirizelaiak 2010ean jarri zuen salaketa El Mundo egunkariaren aurka bere ohorea defendatzeko, ETAko presoen matrikulazioekin lotutako informazio baten harira. Auzitegi Gorenak atzera bota zuen kereila 2014an.