Politika -

EHUko irakasleei epaiketa

Goirizelaiak dio irakasleek erbesteratuak ebaluatu behar zituztela

EHUko errektore ohiak Aierdiren eta Antolinen lekuan balego, "berdin egingo lukeela" adierazi du. Epaiketaren bigarren saioan lekukoen txanda izan da.

Iñaki Goirizelaia, EHUko errektorea. EiTB
Iñaki Goirizelaia, EHUko errektorea. EiTB
Iñaki Goirizelaia, EHUko errektorea. EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñaki Goirizelaia EHUren errektoreak argitu du Xabier Aierdi eta Enrique Antolin irakasleek erbesteratutako ETAko kideak "ebaluatzeko eta trebatzeko eginbeharra" zutela.

Goirizelaiak lekuko gisa deklaratu du gaur bi irakasleen kontra prebarikazioa leporatuta egiten ari diren epaiketan.

Errektoreak azaldu duenez, Aierdik eta Antolinek, irakasle eta dekanoorde gisa, ezin zuten ezer egin Angel Lete Etxaniz eta Belen Gonzalez Peñalva ETAko kide erbesteratuen matrikulazioa errazteko.

Ikasleen matrikulazioa "gai administratiboa" dela eta irakasleek bertan ez dutela eskusartzerik azpimarratu du.

Salbururen deklarazioa

Pello Salaburu 1996 eta 2001 artean Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) errektore izandakoak ez zekien EHUn matrikulatuta ETAko bi deportatu zeudenik, hala deklaratu du Enrique Antolin eta Xabier Aierdi EHUko bi irakasleren kontrako epaiketan.

Bilbon egiten ari diren epaiketaren bigarren saioan lekuko gisa deklaratu du astearte honetan Salaburuk. EHUko errektore ohiak Antolin eta Aierdi babestu ditu. Auzipetuta dauden bi irakasleek, hain zuzen, asteleheneko saioan, Angel Lete Echaniz eta Belen Gonzalez Peñalva ETAko deportatuei "eskolak ematera behartuta" zeudela deklaratu zuten.

Salaburuk berak ere berdin jokatuko zukeela adierazi du. "Akusatuta dauden bi irakasleek egin zuten gauza bera egingo nukeen, euren egitekoa ebaluatzea baitzen", azaldu du.

Epaiketako lehenengo lekukoak azaldu duenez, unibertsitateko matrikulazioa estatu lege batek "araututa" egiten zen eta inoiz ez zuela irakasleen kexarik jaso azaldu du, ezta bi ikasle deportatuekin arazorik izan ere.

13 lekukoren deklarazioa

Epaiketaren bigarren saioan guztira 13 lekukok deklaratu dute. Hala, Pello Salaburuz gain, Iñaki Goirizelaia EHUko errektoreak, dekanoen taldeetako kideek eta irakasleek deklaratu dute.

Lekuko guztiek adierazi dute, ikasle horiek matrikulatuta bazeuden, akusatuen egitekoa dozentzia eman eta ebaluatzea zela.

Fiskaltzaren eskaria

Fiskaltzak eta Terrorismoaren Biktimen Elkarteko akusazio partikularrak zortzi eta bederatzi urte arteko inhabilitazioa eskatzen dute bi irakasleentzat prebarikazio delitua egotzita.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika EHU berriak Epaiketak albisteak Albisteak Gaur Eguneko albisteak Irakasleen albisteak