Gizartea -
Luizia
Oregik luiziaren gaineko finantzaketa-plan bat eskatu dio Ondarroari
Bere aldetik, Ondarroako alkateak deitoratu egin du Eusko Jaurlaritzak udala diruz laguntzea baztertu izana, bere eskumenetatik kanpo egoteagatik.
Agentziak | Erredakzioa
Ana Oregi Ingurumena eta Lurralde Politika sailburuak gaur Zunbeltz Bedialauneta Ondarroako alkateari jakinarazi dionez, beharrezkoa da Udalak finantzaketa-plan bat aurkeztea, Kamiñaldeko mendi-hegaleko luiziak eragindako kalteen konpontze-lanetan erakundeen arteko lankidetza eman dadin.
Oregi Bedialaunetarekin bildu da gaur joan zen martxoan gertatu zen mendi-hegaleko luiziak eragindako egoera aztertzeko. Luizi horren ondorioz, 176 familia euren etxeetatik atera behar izan ziren, eta oraindik ere itzuli ezinda daude.
Oregik zuzentzuen duen saileko iturrien arabera, Gasteizen egin den batzarrean "hasiera batetik ikusi da erakundeek lan egiteko duten borondatea".
Iturri berek esan dutenez, "finantzaketa-plan bat lantzearen beharrizana" igorri diote Udalari, erakundeen arteko lankidetza horri bide emango diona.
Alkatea, kexu
Bere aldetik, Ondarroako alkateak deitoratu egin du Kamiñaldeko luiziak eragindako kalteei aurre egiteko Eusko Jaurlaritzak udala diruz laguntzea baztertu izana, bere eskumenetatik kanpo egoteagatik.
Joan zen ostiralean alkateak azaldu zuen Udalak ezin izango ziola berak bakarrik aurre egin Kamiñaldeko mendi-hegala egonkortzeko lanek balio duten 17 milioi euroei.
Alkatearen arabera, Eusko Jaurlaritzak gaurko batzarrean baieztatu die Alokabideren bitartez eta lehen beharrizanetarako diru-laguntzekin laguntza eskaintzen jarraituko duela, baina mendiaren magaleko lanen kostua bere eskumenetatik kanpo geratzen dela adierazi du.
Aitzitik, alkateak azaldu du sailburuak azpimarratu diela Kamiñaldeko mendi-hegalean luizi gehiago gertatu ez dadin egiten ari diren lanak Eusko Jaurlaritzan eskumenetatik at geratzen direla; horrenbestez, Bizkaiko Foru Aldundiarekin harremanetan jartzeko gomendatu dio Udalari.