Gizartea -
Lau erreiak
AP-1 guztiz irekiko dute gaur berriro Eskoriatzan, 15 hilabete geroago
Hiru luizi eta errepidea garbitzeko eta konpontzeko arazo ugari izan ondoren, autobideko lau erreiak arratsaldean zabalduko dituzte.
Agentziak | Erredakzioa
Gipuzkoako Aldundiak AP-1 autobideko lau erreiak berriz irekiko ditu gaur Eskoriatzan. Duela 15 hilabete luizi batek bi errei ixtera behartu zuen Gasteizko noranzkoan.
Arazoak 2015eko martxoaren 5ean hasi ziren, luizia izan ondoren. Hasieran, ezponda egonkortzeko, mikropilotak baliatuz hiru pantaila egitea pentsatu zuten, baina uztailaren 8an bigarren luizi bat gertatu zen.
Azken lur-jausia
Azaroaren 27an, “lanak amaitzeko zorian zirela ematen zuenean”, Aldundiak agiri batean azaldu duenez, hirugarren luizi bat gertatu zen, aste horretan izan ziren euriteen ondorioz.
Mendi-magalean eraikitako pantailaren 70 metro hautsi zituen luiziak, eta horrek “arrisku larrian” jarri zuen magal osoaren egonkortasuna.
Zuzendaritza geoteknikoa aldatzeko erabakia hartu zuen orduan Aldundiak, “behin betiko irtenbide azkar bat” bilatzeko, eta Jose Maria Rodriguez Ortiz Geologia eta Geoteknika katedraduna kontratatu zuen.
Obra berriak bukatuta, gaur arratsaldean zabalduko dute errepidea.