Gizartea -
HITZARMENA
Giza eskubideen katedra sortuko du EHUk
Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiarekin elkarlanean sortuko du katedra hau EHUk, euskal gizartean giza eskubideen aldeko kultura sustatzeko.
ERREDAKZIOA
Giza Eskubideak eta Botere Publikoak Katedra jarriko du abian Euskal Herriko Unibertsitateak, Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiarekin elkarlanean. Katedrari buruzko xehetasunak jorratzeko, Lehendakaritzan elkartu dira, gaur, Iñigo Urkullu lehendakaria, Jonan Fernandez Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari nagusia, Iñaki Goirizelaia EHUko errektorea eta Monika Hernando Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria, besteak beste. Bileraren ondoren, hedabideen aurrean agertu dituzte katedraren nondik norakoak Goirizelaiak eta Fernandezek. Horien hitzetan, "katedra honen helburu behinena da laguntzea, esparru akademikotik, euskal gizarteko giza eskubideen aldeko kulturaren sustapenean".
Fernandezen arabera, "Giza Eskubideen Katedra izatea giza eskubideen esparruan sustapen, hedapen, prestakuntza eta ikerketarako gaitasunak sortzen laguntzeko tresna estrategiko bat izatea da, batez ere, helburua UNESCO Katedretan sartzea izanda".
Ildo beretik mintzatu da Goirizelaia ere. Horren esanetan, "unibertsitateak, batetik, ezagutza sortu eta transmititu behar du eta, bestetik, horrez gainera, balio etikoak hedatu eta adierazi behar ditu". "Uste dut aurrerantzean EHUk, Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiarekin lankidetzan, abian jarriko duen Giza Eskubideak eta Aginte Publikoak Katedra izango dela horren adibiderik onena. Bere lanak oinarrizko unibertsitate-printzipio bat sendotuko du: ezagutzak eta etikak beti elkarri lotuta behar dutela egon", gaineratu du.
Katedraren funtzioak eta gaiak
Katedraren funtzio zehatzak hiru esparrutara mugatuko dira: ikerketa eta zabalkundea, prestakuntza eta gaikuntza, eta aholkularitza erakundeentzat eta, hala badagokio, gizartearentzat.
Funtzio horiek garatzeko, besteak beste, honako jarduera hauek burutuko dira: argitalpen espezializatuak prestatuko dira, giza eskubideen egoerari buruzko txostenak egingo dira, eztabaida-foroak antolatuko dira eta giza eskubideak gainbegiratzeko nazioarteko sareetan parte hartuko da. Eusko Jaurlaritzak sortu berri duen giza eskubideen agendaren baitan sartuko da erreminta akademiko berri hau. Jarraipen batzorde batek erabakiko du katedraren jarduera-programa, eta Eusko Jaurlaritzaren eta EHUren ordezkariek osatuko dute batzorde hori. Giza Eskubideak eta Aginte Publikoak Katedraren egoitza EHUren Bizkaiko Campusean egongo da.
Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiaren diru-ekarpenekin finantzatuko da ekimena, eta 2016an 37.500 euro bideratuko ditu Jaurlaritzak horretara.
Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak datorren astean baimenduko du Eusko Jaurlaritzaren eta EHUren arteko hitzarmen hau abian jartzea.