Gizartea -
Kautelazko neurria
Arabak aldi baterako debekatu du lurraldean sua erabiltzea
Bero sargoriak eragin ditzakeen suteak saihesteko asmoz, Arabako Foru Aldundiak kautelazko neurria onartzea erabaki du. Debekua bete ezean, mila eurorainoko isuna jarri ahalko dute.
Agentziak | Erredakzioa
Arabako Foru Aldundiak agindu bat onartu du, lurraldean sua erabiltzea debekatzeko aldi baterako, suteak gertatzeko arriskurik izan ez dadin.
Beraz, “guztiz debekatuta” dago sua erabiltzea edozein eratako landa lurzoruan, mendi publiko zein partikularretan, natura parkeetan, aisialdirako probintzia eta toki parkeetan eta errepideetako atsedenguneetan, klima baldintzak aldatu eta agindua eraginik gabe geratu arte.
Era berean, Arabako Foru Aldundiak jakitera eman duenez, debekua bete ezean, 1.000 eurorainoko isuna jarri ahalko da eta eragindako kalteak ordainarazi ahalko dira.
Salbuespen bezala, ondorengo parke hauetan dauden erretokietan bai erabili ahalko da sua: Andra Mari eta Mariseka parkeak (Aramaio), San Roke (Amurrio), Encina (Artziniega), Maroño, Garrastatxu (Baranbio), Ostuño (Izarra), Zabalain (Legutio), Sorgimendi (Urrunaga), Santa Teodosia (Done Bikendi Harana), Ezpeldi (Herrera), San Gines (Bastida) eta Fresnedo (Santikurutze Kanpezu).
Besteak beste, zereal uztari kalte handia eragin lioketen suteak ekiditeko asmoz onartu dute ezohiko erabaki hori, uda sasoiko tenperaturek eta prezipitaziorik ez izateak arriskua handitzen baitute.