Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Gizon bat atxilotu dute Iruñean, emakume bati erasotzea egotzita
Bart gertatu da erasoa Donibane auzoan. Erasoaren lekuko izan zen eta zerbitzuz kanpo zegoen foruzain batek atxilotu du erasotzailea.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nafarroako Foruzaingoak gizonezko bat atxilotu du bart Iruñeko Donibane auzoan, emakume bati erasotzea egotzita. Bart gertatu da erasoa Donibane auzoan, zehazki, Azuelo plazan.
Emakumea banku batean eserita zegoela, gizonezkoak dozena erdi ukabilkada eman zizkion buruan, iletik tira egin eta lurrera bota zuen eta, gero, buruan eta gorputzeko beste zenbait ataletan kolpeak eman zizkion.
Erasoaren lekuko izan zen eta zerbitzuz kanpo zegoen foruzain batek ustezko erasotzailea geldiarazi du, harik eta tokira bertaratu diren Iruñeko udaltzainek atxilotu duten arte. Udaltzaingoa egin da atxilotuaren kargu. Ustezko erasotzailea atzerritarra da eta tratu txar delitua leporatzen diote.
Genero indarkeriaren aurkako protokoloa aktibatu dute eta erasoa jasan duen emakumeari babes legal eta psikologikoa eskaini diote. Halaber, emakumea ospitale batera eraman zuten zauriak artatzeko.
__________________________________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.