Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Bost gizonezko atxilotu dituzte Nafarroan, genero indarkeria dela eta
Atxilotuok 18-55 urte dituzte. Delituak Tafallan, Sarrigurenen, Antsoainen, Lizarran eta Iruñean izan dira.
eitb.eus | erredakzioa
Foruzaingoak bost gizonezko atxilotu ditu berriki, genero indarkeriari lotutako delituak egitea leporatuta, Tafallan, Sarrigurenen, Antsoainen, Lizarran eta Iruñean.
Nafarroako Gobernuak ohar baten bidez zabaldu duenez, Tafallan, Sarrigurenen eta Iruñean atxilotutakoek 28, 36 eta 43 urte dituzte.
Biktimetako bik gertatutakoa salatu zuten eta medikuek artatu behar izan zituzten. Ikerketak Tafallako Lehen Auzialdiko 2 zenbakiko Auzitegiak eta Iruñeko Emakumeen Aurkako Indarkeriari buruzko 2 eta 1 zenbakiko Epaitegiek hartu dute bere gain.
Gorago aipatutakoez gain, Antsoaingo Udaltzaingoak 55 urteko Atarrabiako bizilagun bat atxilotu eta Foruzaingoaren esku utzi zuen, urruntze agindua urratzeagatik. Agenteek ikusi zutenez, gizona emakume batekin eztabaidatzen ari zen, azken hori bere etxeko leihoan zegoela.
Gizonak, poliziak ikusi zituenean, ihes egin zuen bere autoan, baina agenteek geldiarazi zuten. Foruzaingoaren Aginte eta Koordinazio Zentroak baieztatu egin zien agenteei urruntze agindua bere gain zuela.
Horrez gain, Lizarrako Udaltzaingoak 18 urteko mutil bat atxilotu zuten, eta, ondoren, Foruzaingoaren esku utzi.
Antza denez, atxilotuaren bikotekideak harremana hausteko asmoa agertu zion, eta mutilak iraindu, bultzatu eta mehatxatu zuen.
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.