Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Emakume batek eraso matxista bat jasan du Gasteizen
Gasteizko Mugimendu Feministak salatu duenez, erasoa irailaren 10ean izan zen; autoz zihoan gizon batek emakumea jarraitu zuen eta eraso zion.
eitb.eus
Emakume batek eraso matxista bat pairatu zuen Gasteizen, irailaren 10ean, Gasteizko Mugimendu Feministak salatu duenez. Prentsa ohar baten bidez, plataformak gertatutakoa salatu eta erasoa jasan zuen emakumearekiko "babes osoa adierazi nahi dugu; baita gertatutakoa eraso matxista bat dela argi utzi ere".
Erasoa -dio oharrak- irailaren 10ean izan zen, Gasteizko Gaztela kalean, 04:00etan. "Autoz zihoan gizon batek emakumea jarraitu eta erasotu zuen. Emakumea urbanizazio batean babestu zen".
Egun batzuk geroago, emakumeak Udaltzaingora jo zuen salaketa aurkezteko asmoarekin, "baina bertan gertatutakoaren partea soilik osatu zuten".
Beraz, erasoa salatzeaz gain, "beste behin Udaltzaingoaren jarrera eta tratu desegokia salatu nahi dugu. Poliziak erasotuaren testigantza zalantzan jarri zuen, gertatutakoa kontatzean datuak falta zirela argudiatuz. Zalantzan jartze horren bidez ez zaie beren hitzei zilegitasunik ematen eta hori oso larria iruditzen zaigu".
Hala, Mugimendu Feministaren esanetan, ez da "kasu bakana izan, gehiagotan eman baita. Poliziaren antzeko jarrerak kasuotan jada salatu genituen: Aranako jaien eta uztailaren 22ko erasoetan".
Bestalde, Udaltzaingoak "etxera lagunduta eta mugikorra eskuan bueltatzea gomendatu zion. Gomendio horien bidez emakumeon askatasuna murrizten da, kalearen erabilpena egiteagatik estigmatizatuz eta kriminalizatuz", salatu dute.
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.