Gizartea -
Portugalete
Mugimendu Feministak manifestazioa egingo du igandean Abasoloren aurka
Futbolari horren fitxaketa "arazo soziala" dela salatu du Portugaleteko Mugimendu Feministak.
eitb.eus
Portugaleteko Mugimendu Feministak manifestazioa deitu du igande honetarako (hilak 16), herriko futbol taldeak Paul Abasolo futbolaria fitxatu izana salatzeko. Jokalariari hiru urte eta hiru hilabeteko espetxe zigorra ezarri zioten, hiru emakumeri sexu abusuak egiteagatik, baina Espainiako Gobernuak indultua eman zion 2011n, eta, horrenbestez, ez du zigorra bete eta bere kirol ibilbidea egiten jarraitu ahal izan du.
Mugimendu feministak ohar batean azaldu duenez, protestak 11:00etan hasiko dituzte, La Florida futbol zelaian. Bertan, "musika eta bertsolariak" izango dira. Ondoren, 13:15ean, manifestazio bat abiatuko dute, batukadarekin.
Joan den hilabetean eskainitako prentsaurreko batean, mugimendu feministak gogorarazi zuen Abasolo ez dela damutu, eta horren fitxaketa "arazo soziala" dela. Gainera, "eredugarria izateko eta erantzukizunez jokatzeko konpromisoei huts egin izana" leporatu zion futbol klubari. Are gehiago, sexu erasotzailea "babesten" eta hari "proiekzio publikoa" ematen dion bitartean, emakumeen eskubideen aldeko borroka "kriminalizatzen" ari dela deitoratu zuen.
Urriaren 7an, Ertzaintzak feminista bat identifikatu zuen futbol zelaian, eta galarazi egin zuen jokalariaren kontrako pankarta bat zabaltzea. Gainera, hori eginez gero Indarkeriaren aurkako legedia ezarriko zietela ohartarazi zien.
Irailaren 11n, gainera, feminista talde bat kanporatu zuten estadiotik, jokalariaren aurkako oihuak egiteagatik.
Paul Abasolo, indultua jaso duen lehen sexu erasotzailea
Paul Abasolo Amantegui (Durango, 1984) futbolari bizkaitarra Espainiako Gobernuak indultatutako lehen sexu erasotzailea da. Epaitegiak espetxe zigorra ezarri bazion ere, jokalariak jarraitu ahal izan du bere kirol ibilbidea. Hori bai, talde eta herri guztietan arbuio sozial handia piztuta.
Ertzaintzak 2006 eta 2007 urteen artean Gernikan bost emakumeri sexu erasoak egitea egotzi zion. Hala ere, lau erasogatik baino ez zuten epaitu, biktimetako batek salaketa kendu baitzuen epaiketaren egunean bertan.
2010ean, Bizkaiko Lurralde Auzitegiak hiru urte eta hiru hilabeteko espetxe zigorra ezarri zion, hiru sexu eraso egotzita. Laugarren salaketan absolbitu egin zuen, biktimak ezin izan baitzuen identifikatu. Horregatik, epaitegiak in dubio pro reo (zalantza kasuetan, akusatuaren alde egin beharra dago) printzipioa ezarri zion.
Kondenaren arabera, Abasolok "ukipenak" egin zizkien biktimei, indarra erabiliz, eta bizkarretik helduta. Hiru emakume horietatik, biri etxeko atarian egin zien eraso, eta, hirugarrenari, kalean bertan, egunez.
2011n, Jose Luis Rodriguez Zapatero sozialistaren Gobernuak indultua eman zion, Francisco Caamaño orduko Justizia ministroak proposatuta.