Gizartea -
indarkeria matxista
Emakume bati sexu erasoa egin dio ezagun batek Iruñean
Erasoa "intentsitate handikoa" izan zen, eta larunbatean jazo zen, etxebizitza batean. Gizonezkoa atxilotu egin dute.
eitb.eus
Hogeita zazpi urteko emakume bati sexu erasoa egin zion ezagun batek larunbatean Iruñean. Gizonezkoa atxilotu egin dute.
Erasoa "intentsitate handikoa" izan zen, Poliziaren hitzetan, eta Alde Zaharreko etxebizitza batean egin zuen gizonak, "mehatxuak eta indarra erabiliz". Bertan, biktima, erasotzailea eta senide batzuk zeuden.
Bortxaketaren ostean, erasotzaileak dirua ostu zion biktimari, eta ihes egin zuen. Emakumeak, baina, salaketa jarri zuen Udaltzaingoan, eta agenteek atxilotu egin zuten handik gutxira.
Erasoaren berri izan eta gero, Poliziak sexu erasoen aurkako protokoloa abiatu zuen, biktimari babes berezia emateko.
Iruñeko Udalak "guztiz gaitzetsi" du erasoa
Udaleko Bozeramaileen Batzarrak "erabat salatu" du neska batek asteburuan jasandako sexu-erasoa. Horrenbestez, biktimarekin bat egiteko, elkarretaratze isila deitu du astearte eguerdian.
Aprobatutako testuaren arabera, hirian gertatzen den "edozein eraso, indarkeria edo jarrera sexista" baztertzen dutela berretsi dute. Horrez gain, "eraso sexistak saihestu eta emakumeen segurtasuna indartzeko konpromezua" azpimarratu dute.
Halaber, deia egin die hiritarrei "indarkeriaren eta eraso sexisten aurrean geldirik egon ez daitezen", eta "Iruñeko hiritarrak gertatutakoa salatzeko egiten diren adierazpen eta deialdiekin bat egitera" animatu ditu.
---
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.