Gizartea -

Ekimen solidarioa

Movember 2016: Utz ezazu bibotea prostatako minbiziaren aurka!

Bilbao Basketeko lau jokalarik eta Alaveseko Christian Santosek ezpain gaineko ilea hazten utzi dute.

Alex Hervelle Bilbao Basketeko jokalaria, bibotearekin. Argazkia: Bilbao Basket
Argazkia: Bilbao Basket
Alex Hervelle Bilbao Basketeko jokalaria, bibotearekin. Argazkia: Bilbao Basket

O.A/ E.G | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azaroa gizonen gaixotasunez ohartarazteko hilabetea da, Movemberren hila. 2016ko hau ez da salbuespena, eta gizon ugari hasi da bibotea uzten. Euskal Herrian ere gizaseme ezezagun zein ezagunek ezpain gaineko ilea hazten utzi dute Movember Fundazioak antolatutako ekimena babesteko.

Pertsonaia ezagunen artean, RETAbet Bilbao Basketeko lau jokalari daude: Alex Mumbru, Axel Hervelle, Micheal Eric eta Sergio Llorente. Laurek ebaki dute bizarra, ez bibotea:

 

 

Christian Santos Alaveseko jokalariak mustatxa du azaroaren 1etik:

 

Dani Garciak, Eibar futbol taldekoak, harro darama berea:

 

SD Eibar #magic¿¿¿ pic.twitter.com/crRDCIfv3t

— SD Eibar (@SDEibar) 2016(e)ko azaroak 9

 

Baina... zer da Movember?

Gizartean gizonezkoen osasunaren inguruan kontzientzia hartzeko eta, batez ere, prostata eta barrabiletako minbizia ikertzeko dirua biltzeko mundu mailako mugimendua da Movember –ingelesezko "moustache" (bibote) eta "november" (azaroa) hitzekin sortutako akronimoa–. Gero eta mugimendu ezagunagoa da, batez ere, mugimendu hori babesten dutenek azaroan bibotea uztea dutelako ezaugarri. Dena den, hori baino gehiago da; mundu mailako mugimendua da, eta Euskal Herrian ere ari da indarra hartzen.

Movember mugimendua 2003an jaio zen, Australian. Melbourneko hainbat lagunek bibotea uztea erabaki zuten –bibotea inork gutxik uzten zuen garaian–, prostatako eta barrabiletako minbizia mahai gainean jartzeko asmoz. Hurrengo urtean, ehunka lagunek utzi zuten bibotea herrialde hartan, eta Movember Fundazioa eratu zuten. Pixkanaka-pixkanaka, ekimena beste lurralde batzuetara zabaldu da (Kanada, Zeelanda Berria, Erresuma Batua, AEB, Espainia), eta gaur egun mundu osoan zabalduta dago.

Helburuak

Movemberrek bi aurpegi ditu: kontzientzia hartzea eta dirua biltzea. "Kontzientziazioa diodanean, gizonen osasunaz gizonekin eta emakumeekin hitz egiteaz ari naiz. Oro har, gizonok osasun arazoak ezkutatzeko joera daukagula uste dut; bereziki, prostatako edota barrabiletako gaitzak. Sei lagunetatik batek prostatako minbizia izan du edo izango du beren bizitzan zehar. Gai horretan oso garrantzitsua da gaitza garaiz antzematea, izan ere, garaiz antzemanez gero senda daiteke. Horretarako, ordea, oso garrantzitsua da osasun probak garaiz egitea. Beraz, gai hortaz naturaltasun osoz hitz egin behar da gizonak osasun frogak egitera anima daitezen. Kalean gizon askok esaten didate: Zergatik joango naiz ni urologoarengana? Hatza ipurdian sartuko dit-eta. Ni ez noa!", azaldu du Nick Knightek, Movember mugimenduak Ordizian duen buruak, eitb.eus-i eskainitako elkarrizketa batean.

Bigarren helburua dirua biltzea da. Mugimenduak mundu osoan batzen duen dirua kutxa bakar batera doa, eta hortik mundu osoko ikerketa zentroetara bideratzen dute dirua. "Aipaturiko ikerketa gune horietako bi hemendik gertu daude: Vall d´Ebron ospitalea, Katalunian, eta CIC bioGUNE zentroa, Euskal Herrian", zehaztu du. Diru hori, oro har, gizonen osasuna hobetzeko eta, bereziki, prostatako eta barrabiletako minbiziari aurre egiteko erabiliko da.

Ekarpenak egiteko modua

Mugimenduko kideek bibotea uzten dute azaroan ekimenari babesa emateko. Bigarren pausoa, ordea, diru ekarpena egitea. Nola? Movember mugimenduaren webgunearen bitartez. Aipaturiko orrialdean izena eman behar da lehenengo, eta, gero, Interneten bitartez egin behar da ekarpena, Internet bidez egin ohi diren erosketetan egiten den bezala. Ondoren, erabiltzaileek bibote horien argazkiak igotzeko aukera ere badute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eibar Minbizia albisteak Gizartea Bilbao Basket Alaves albisteak Eguneko albisteak