Gizartea -

Espainiako Kongresua

LOMCE legea bertan behera uzteko bidea hasi du Kongresuak

PSOEren proposamena aldeko 208 boto eta kontrako 133 botorekin onartu dute (bi abstentzio egon dira).

LOMCE legearen kontrako manifestazioa, Bilbon. Argazkia: EiTB
LOMCE legearen kontrako manifestazioa, Bilbon. Argazkia: EiTB
LOMCE legearen kontrako manifestazioa, Bilbon. Argazkia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Astearte honetan, azaroak 15, LOMCE legea bertan behera uzteko bidea hasi du Espainiako Kongresuak. Sozialistek aurkeztutako lege proposamenaren helburu nagusia  LOMCE legearen ezartze egutegia etetea eta oraindik indarrean jarri ez diren arauak (errebalidak) geldiaraztea da.

PSOEren lege proposamena aurrera atera da aldeko 208 botorekin (PSOE, Unidos Podemos, Ciudadanos, ERC, EAJ, Compromis, Partit Democrata Catala, Bildu eta CC). Bestalde, PPk kontra bozkatu du eta bi abstentzio egon dira.

Iñigo Mendez de Vigo Hezkuntza ministroak ohartarazi du sozialisten proposamena ezin dela egun batetik bestera ezarri, eta Hezkuntzako Estatu ituna lortu arte DBH eta Batxilergoko amaierako azterketak baliogabetzeko Espainiako Gobernuak lege proposamen berria onartuko duela iragarri du.

Alabaina, PSOEk adierazi du LOMCE legea “guztiz alderdikoia” dela, eta PPk hezkuntzari eta gizarteari buruz duen ikuskera besterik ez dela: “atzerakoia,  elitista, baztertzailea, konfesionala eta zentralizatzailea”.

Era berean, hezkuntza erreforma bakarrik PPren gehiengoarekin onartu izana kritikatu du Manuel Cruz PSOEko diputatuak. Ildo horretatik, gainontzeko alderdiekin hitz egiteko eta adostasuna bilatzeko saiakerarik egin ez izana leporatu dio. Gainera, gurasoek, ikasleek eta irakasleek LOMCE legearen kontra erantzun zabala eman dutela gaineratu du.

Bestalde, LOMCEren atal bat baliogabetzea edo horren ezarpena atzeratzea ez dela nahikoa adierazi du Javier Sanchez Unidos Podemoseko diputatuak. Arrazoi horregatik, sozialistek aurkeztu duten lege proposamena ez dela nahikoa gaineratu du, eta LOMCE legea bere osotasunean indargabetzeko eskatu du.

Beste alde batetik, Kongresuan izandako eztabaida alderdikoia eta atzerakoia izan dela esan du Marta Martin Ciudadanoseko diputatuak.

Euskal hezkuntza sisteman LOMCE legeak ez duela baliorik ziurtatu du Joseba Agirretxea EAJko diputatuak, eta laster indargabetzea espero duela esan du.

Bestalde, zentralizaziotik datorren legerik ez duela nahi ziurtatu du Oskar Matute EH Bilduko diputatuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Hezkuntza legea berriak Espainiako Gobernua bideoak Espainia albisteak Gizartea bideoak Albisteak Hezkuntza sistemako albisteak Manifestazioak gaur