Gizartea -

Azaroak 25

Puntu morea, nonahi Euskal Herrian, indarkeria matxistaren kontra

Erakundeek, alderdiek, sindikatuek, gizarte eragileek eta herritarrek parte hartu dute Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Egunaren harira antolatutako ekitaldietan.

Gasteizen Jaurlaritzak egindako elkarretaratzea. Argazkia: @jerkoreka
Gasteizen Jaurlaritzak egindako elkarretaratzea. Argazkia: @jerkoreka
Manifestazio jendetsuak indarkeria matxistaren aurka, Euskal Herrian

0:43

Eider Garaikoetxea | EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arbuioa egunerokoa den arren, gaur, azaroak 25, bereziki ozena izan da indarkeria matxistaren kontrako oihua. Puntu morea nonahi ikusi ahal izan da. Mahai gainean dauden datuak ez dira makalak: EAEn hiru emakume hil dituzte aurten eta indarkeria matxistaren 4.352 biktimak Ertzaintzaren babesa dute.

Erakundeek, alderdi politikoek, sindikatuek, gizarte eragileek, herritarrek... denek hartu dute parte egun honen harira deitutako elkarretaratze eta manifestazioetan. Eguerdian erakundeek deitutakoak izan dira, eta arratsaldean egingo dituzte talde feministek antolatutakoak.

 

 

Iñigo Urkullu lehendakaria buru zutela, Eusko Jaurlaritzak deitutako elkarretaratzea egin dute Gasteizen. Han izan dira Arantxa Tapia eta Josu Erkoreka sailburuak, Izazkun Landaida Emakundeko zuzendaria eta Jaurlaritzako beste hainbat kargudun, hala nola, Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetzako idazkari nagusia edo Monika Hernando Biktima eta Giza Eskubideen zuzendaria.

Elkarretaratzea bukatuta, Josu Erkorekak kazetariei egindako adierazpenetan esan duenez, gaurko eguna hil dituzten emakumeak gogoan hartzeko "aukera paregabea" da, baita aurrera ateratzea lortu duten biktimak gogoratzekoa ere. Erkorekaren hitzetan, "itxaropenaren sinbolo dira" emakumeok. Indarkeria matxista "gizarte guztiari eragiten dion arazo estrukturala" dela nabarmendu du.

Biktimekin ez ezik, emakumeokin lan egiten duten profesionalak ere aipatu ditu bozeramaileak, egiten duten lan bikaina goraipatuz.

Nafarroan, foru gobernuaren kideak Nafarroako Jauregiaren aurrean batu dira, Uxue Barkos presidentea bertan zela. Han izan dira Carmen Alba Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaria, Ainhoa Aznarez Nafarroako Parlamentuko presidentea, Joaquin Galve Nafarroako Auzitegi Nagusiko presidentea eta sindikatuetako eta gizarte eragileetako ordezkariak.

Bost minutuko isilunearen ondotik, adierazpenak egin ditu Barkos presidenteak. Haren aburuz, "denon esku dago" indarkeria matxista "desagerraztea". "Hori da utz dezakegun ondare onena", erantsi du.

Elkarretaratzearen irudiak:

Nafarroako Gobernuaren kontzentrazioa azaroaren 25ean
Nafarroako Gobernuaren kontzentrazioa azaroaren 25ean
Nafarroako Gobernuaren kontzentrazioa azaroaren 25ean

0:59

Arabako Foru Aldundiak deituta, berriz, Gasteizko Probintzia plazako elkarretaratzean izan dira Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia, Pedro Elosegi Batzar Nagusietako presidentea eta Gorka Urtaran alkatea.

Bilbon, Arriaga plazan egin dute kontzentrazioa. Han izan dira Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Itziar Urtasun Berdintasun zinegotzia, udalbatzako hainbat kide eta Bilboko talde feministetako eta bestelako elkarteetako kideak.

Manifestazioak

Arratsaldean, eta Euskal Herriko Mugimendu Feministak deituta, ehunka pertsonak manifestazioak egin dituzte hiriburuetan eta hainbat herritan.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Espainian Gizartea albisteak Gaurko azken orduko albistea Nafarroako Gobernua berriak