Gizartea -
Abenduak 21
Donostiako San Tomas azokako 216 postuak, gozagai
'Potxola', inoiz izan den txerrrik pisutsuena, Konstituzio plazan dago jada.
EITB.EUS
Zabalik daude jada 2016ko San Tomas eguneko Donostiako 216 saltokiak, eta Konstituzio plazan ikusgai da jada "Potxola" 408 kiloko txerria, Donostian inoiz izan den pisutsuena.
Aurtengo berritasunetako bat emakumezko I. Esku Pilota eta Emakume Aizkolarien Urrezko I. Kopa txapelketak izango dira.
Gainera, aurten lehendabiziko aldiz, bertako elikagaien inguruko jarduerak egingo dituzte Euskadiko Museo Enogastronomikoen sareak antolatuta. Ordiziko D´Elikatuz zentroak, Ezkioko Igartubeiti baserriak, Idiazabal gaztaren interpretazio zentroak, Bakioko Txakolinguneak eta Astigarragako Sagardoetxeak parte hartuko dute.
Hala ere, eguneko protagonista nagusietako bat Leitzako Arro baserriko "Potxola" txerria izango da. Urtero, Leitzatik eramaten dute txerria Donostiara eta, oro har, 370 kilo inguruko pisua izan ohi dute. Aurten, alabaina, 408 kiloko pisua izango du.
Bestalde, azokaren baitan abere erakusketa, txistorra, ezti, barazki edota txorimalo lehiaketak izango dira. Gainera, bertsolariez eta musika ekitaldien gozatzeko parada izango dute Donostiara bertaratzen direnek.
Donostiako Udalak San Tomas egunean eta Gabonetan sexu erasoak saihesteko kanpaina abian jarri du.
Saltokiak 20:00etara arte, zabalik
Beste behin ere mota guztietako produktuak erosteko aukera izango da Donostian; hala nola, artisautzako produktuak, edariak, kontserbak, loreak, gozoak, txistorra, sagardoa edota taloak. Saltoki gehienak Alde Zaharrean eta erdigunean egongo dira, baina festa auzo batzuetara ere zabalduko da. Halaber, Donostiako Udalak egitarau zabala prestatu du San Tomas egunaren harira.
Garraio-zerbitzua
Urtero bezala, Donostiako Alde Zaharra San Tomas azokako bihotza bihurtuko dira abenduaren 21ean. Jaia dela eta, aldaketak izango dira zirkulazioan eta garraio publikoan. Arrazoi horregatik, garraio publikoa erabiltzeko gomendioa eman du Udalak.
Renfe
Irun-Brinkola linean 2.500 eserleku gehiago eskainiko ditu pertsona gehien espero den ordu tartean, 10:00etatik 12:00etara. Goizeko lehen orduetan, Donostiarako noranzkoan indartuko dira tren-zerbitzuak. Arratsaldean, Renferen ohiko zerbitzuek modu mailakatuagoan eramango dituzte bidaiariak hiriburutik euren udalerrietara.
Dbus
Gipuzkoa plaza eta Okendo plaza feria-gunearen parte izango direnez, bertako geltokiak lekualdatuko dira, 07:00etatik 21:00etara gutxi gorabehera. Gipuzkoa plazako geltokia Askatasun hiribidera mugituko dute. Horrez gain, hainbat lineak ez dute geltokirik egingo Okendon eta Askatasun hiribidean. Aldaketen informazio zabalagoa dago Dbusen webgunean.
Bestalde, gaueko zerbitzua luzatuko dute linea hauetan: 9. linea (Egia-Itxaurrondo), 13.a (Altza), 19.a (Aiete-Bera Bera), 23.a (Errondo Puio) eta 25.a (Benta Berri-Añorga).
Ekialdebus
San Tomas eguna dela eta, 08:45etik eta zerbitzuak bukatu arte, ondorengo geltokiak bertan behera geldituko dira: Plaza Gipuzkoa 11 eta Okendo kalea 14. Era berean, ostiraletako ohiko ordutegiak mantenduko dira ekialdebuseko linea batzuetan. Konpainia horren webgunean asteazkenean izango diren aldaketak kontsultatu daitezke.
TAO
Beste alde batetik, TAO sistemari dagokionez, 1-1, 1-2 (erdigunea) eta 2-1 (Gros) sektoreei dagozkien Egoiliarrentzako Aparkaleku Bereizgarria (TAO txartela) duten bertakoek baimena izango dute gainerako sektoreetan aparkatzeko, baldintza berdinetan. Igandetik abenduaren 22ra arte, ostegunera arte, izango dute baimen hori.