Gizartea -

Hilketa

45 urteko emakume bat hil dute Alcobendasen

24 orduan Madrilen hil duten bigarren emakumea da. Gainera, beste bat larri zaurituta dago.

Argazkia: EiTB
Argazkia: EiTB
Argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Berrogeita bost urteko emakume bat hil dute gaur goizean Alcobendas herriko (Madril) etxebizitza batean, Poliziak eta larrialdi zerbitzuek jakinarazi dutenez.

11:00etan, auzokideek ohartarazi dute Espainia etorbideko etxebizitza batean ate bat indarrez irekita zegoela. Horrenbestez, Polizia bertaratu da, eta, barruan, emakume bat hilda topatu du.

Biktimaren pisukide ohiak azaldu duenez, emakumea prostituzioan aritzen zen eta "arazoak izan ohi zituen bezeroekin". Hori egia izango balitz, prostituten kolektiboak pairatzen dituen babesgabetasunaren eta kalte-beratasunaren beste adibide bat izango litzateke krimena.

Prostituzioan aritzen diren emakumeen hilketak ez daude aitortuta genero indarkeriari lotutako hilketa gisa, eta, horregatik, legeak ez ditu babesten biktima horiek.

Bi emakume hil dituzte 24 orduan

Alcobendasen jazotakoa 24 orduan Madrilen jazotako bigarren hilketa matxista da. Izan ere, atzo, gizon batek bikodekidea hil zuen Vicalvaro herrian. Emakumea hilik topatu zuten gas-isuri baten ondorioz eztanda egin zuen etxebizitza batean.

Antza denez, gizonak emakumea hil zuen, eta, ondoren, bere buruaz beste egiten saiatu zen, gas eztanda eraginez. Gaur hil da ustezko hiltzailea.

Aipatutako bi krimen horiez gain, 24 urteko emakume bat larri dago, 5 metrotik erori baita.

Poliziak uste du norbaitek bultzatu duela emakumezkoa, eta gertatutakoa indarkeria matxista auzia dela, biktimak arma zuriz egindako zauriak baititu.

 

_____________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak gaur Espainia bideoak Eguneko albisteak Madril