Gizartea -
Gasteiz
Biktima bati hankak itxi zituen galdetu zion epailearen auzia, artxibatuta
Indarkeria matxistaren biktima bati galdera hori egin zion epaileak ez zuela adeitasunik eza izan eta ez zuela autoritatearen gehiegizko erabilerarik egin ebatzi du Diziplina Batzordeak.
Agentziak | Erredakzioa
Bortxaketa jasan zuela salatu zuen emakume bati hankak ongi itxi ote zituen galdetu zion Gasteizko Carmen Molina epaileari irekitako diziplina txostena artxibatzea erabaki du asteazken honetan Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko Diziplina Batzordeak.
Indarkeria matxistaren biktima bati galdera hori egin zion epaileak ez zuela adeitasunik eza izan eta ez zuela autoritatearen gehiegizko erabilerarik egin ebatzi du Diziplina Batzordeak, aldeko sei botorekin eta Angeles Carmona Etxeko eta Genero Indarkeriaren Behatokiaren presidentearen kontrako botoarekin, Kontseiluko iturriek jakitera eman dutenez.
Bikote ohiak eraso egin zion emakumeari tratu iraingarria eman ziola iritzita, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak Carmen Molina, Gasteizko Emakumeen aurkako Indarkeriaren Epaitegiko epailea, ikertzea erabaki zuen.
Neskak epailearen aurrean deklaratu zuenean, gizonak eraso egin zionean ?erresistentzia? agertu ote zuen galdetu zion Molinak. Zehazki, honakoa galdetu zion biktimari: ?Ondo itxi al zenituen hankak? Organo femeninoak ondo itxi zenituen??.
Clara Campoamor elkarteak Molinaren aurka salaketa jarri ondoren, Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiak irekitako ikerketa informatiboa itxi zuen iaz. Alabaina, Diziplina Batzordeak erabaki hori atzera bota zuen, eta diziplina txostena irekitzea agindu zuen.
Txosten hori 2016ko urrian artxibatu zuten, baina Clara Campoamor elkarteak bost alegazio jarri zituen. Ildo horretatik, biktimaren adierazpenak entzuteko eskaera egin zuen, eta auzia berriro ireki zuten.
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.