Gizartea -
Ekaitzak
Ekaitzen eragina jasan zuten udalerrietan, normaltasuna nagusi
Kalte handienak Zarautzen izan ziren, metro koadroko 36 litro erori baitziren ordu baten buruan. Herrikobarra kalean urak gainezka egin zuen eta une batean ibai itxura ere hartu zuen.
Euskadi Irratia | eitb.eus
EAEko hainbat herri eta hiritan atzo arratsaldean izandako euriteek momentuan bertan kalteak eragin bazituzten ere, une honetan leku gehienetan normaltasunera itzuli da egoera.
Zaparrada handiek batez ere Gipuzkoan izan zuten eragin handiena, bereziki kostaldean. Irunen, hiritar zentro bateko teilatuaren zati bat behera etorri eta aretoa hustu behar izan zuten arren, ez zen zauriturik izan.
Alabaina, kalte handienak Zarautzen izan ziren, non metro koadroko 36 litro bota baitzituen ordu baten buruan. Herrikobarra kalean urak gainezka egin zuen eta une batean ibai itxura ere hartu zuen, eta herriko hainbat saltoki eta higiezinetan ura sartu zen.
Zarautzek jasan zituen atzo arratsaldeko ekaitzen kalterik handienak. Argazkia: EiTB
Dena den, KSB Itur enpresak jasan zituen atzoko ondorio larrienak. Ura barruraino sartu zen bertan eta metro erdiko altuera hartu zuen. Ostegun goizean garbiketa lanetan ibili dira bertan, eta Zarauzko udaleko teknikariak bertan izan dira kalteen berri zuzenean izateko.
Horrez gain, Donostian, Orion, Azkoitian, Usurbilen eta Andoainen ere izan ziren gertakizunak. Gipuzkoako hiriburuan, adibidez, 40 abisu jaso zituzten suhiltzaileek euriaren eraginen berri emateko.
Bizkaian, zaparrada handiak izan baziren ere, ekaitzen eragina nabarmen txikiagoa izan zen. Arabari dagokionez, Laudiok jasan zituen ekaitzaren indarraldi handienak.