Gizartea -

Genero indarkeria

Bilbok eraso matxisten aurkako aplikazioa garatuko du

Herrialde osoan zabaltzea espero dute udal taldeek. Aplikazioa lotura zuzena izango du Udaltzaingoarekin, eta geolokalizazioa aktibatuko zaio erabiltzaileari.

Errekalden eraso matxista baten aurka egindako elkarretaratzea. Argazkia: EFE
Errekalden eraso matxista baten aurka egindako elkarretaratzea
Errekalden eraso matxista baten aurka egindako elkarretaratzea. Argazkia: EFE

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Udaleko osoko bilkurak aho batez onartu du gaur, osteguna, Udalberri Bilbao taldeak aurkeztutako proposamena, eraso matxisten aurkako aplikazioa garatzeko. Horri esker, erabiltzaileen "bide segurtasuna areagotu" ahal izango da, lotura zuzena izango du Udaltzaingoarekin, eta geolokalizazioa aktibatuko zaio erabiltzaileari, "gaueko arrisku handiko ibilbideei begira".

Helburua, Tomas del Hierro Segurtasun zinegotziak aurreratu duenez, Durangon dagoeneko ezarrita dagoen aplikazioa garatzea da, eta Eudelekin elkarrekin aritu EAE osora zabaltzeko.

Aipatu bezala, proposamenak zinegotzi guztien babesa jaso du. Mozioan agertzen denaren arabera, urte hasieratik sexu-askatasunaren aurkako 47 delitu zenbatu dituzte, iaz epe berean zenbatutakoak baino 10 gehiago.

Hori dela eta, Udalberrik "gaitza hori desagerrarazteko" proiektu berria sortzea proposatu du, "teknologia berriez baliatuta".

Carmen Muñoz Udalberriren bozeramalearen esanetan, "egingo dugun guztia gutxi izango da", baina "gaitza ez da neurri horri esker desagertuko, baina gure bizitzak kontrolatzen dituen sistema patriarkala errotik kendu behar dugu".

Halere, "eraldaketa hori gauzatu arte" beharrezkotzat jo du "emakume bat arriskuan egotea saihestu dezakeen" edozein neurri.

"Eraso bakar bat gehiegi da"

Tomas del Hierrok gaineratu duenez, EAJ eta PSE-EEren udal Gobernuak "bi urte daramatza gaitz horren aurka maila askotan lanean", "gure iritzian eraso bakar bat egotea gehiegi delako".

Del Hierroren hitzetan, datozen egunotan applikazioa egin duen enpresaren buruarekin eta Eudelekin bilduko dira. "Muga geografiko bat dago, Durangon Durangora mugatua, gure kasuan Bilbo izango litzateke, baina nahi duguna da herrialde osora zabaltzea, Eudelen bidez".

Izan ere, Donostiak "interesa agertu du, baita Iruleak ere, eta uste dute pixkanaka zabaltzen joango dela".

_________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Bilbo Indarkeria matxista Espainian Zer gertatu da gaur Bizkaian? Telefonia mugikorra albisteak Eguneko albisteak Mugikorretarako aplikazioak